Biografia

Haitzetan 1997 – Margolaria 2017, horiexek dira Mikel Urdangarinek musikaren munduan eman dituen urteak, hots, 20 urte.

Arrakastaz eta esperientziaz betetako urte horietan hainbat bidelagun nekaezin izan ditu alboan, ehunka kontzertu eskaini ditu, entzuleak ere helduago egin dira, baina kimu berriak ere ernatu dira. Ez ditu gustuko ez urtemugak eta ez zenbaki handiak ere. Ospakizunak behar direnak bakarrik, eta beti lagunez inguraturik, baina dagoeneko 20 urte igaro dira lehen lana kaleratu zuenetik eta ezinezkoa da atzera ez begiratzea, aurrera egiten jarraitzeko.

Bere lagun Kirmen Uribek zioen moduan, badirudi berez ateratzen zaizkiola Mikeli abestiak, ez dizkiola ateak ixten barruan daraman musikari. Eta erraz entzuten ditugu Mikelen abestiak, konposizio-lana oso landua izan arren. Eta berezkotasun horri esker argitaratu zituen bere lehen lanak, Haitzetan (1997) eta Badira hiru aste (1988). Herri-kantak edo betiko kantak balira bezala jendeak ahapeka kantatzen dituen abestiak biltzen dituzte. Eta horixe da abesti batek izan dezakeen emaitzarik onena.
Espilue (2000) izeneko lanak eman zion ospea, eta arrakasta horri esker, jendarte zabalean ezagun bilakatu zen Mikel. Lehen lan haien freskotasuna galdu gabe, bizi-indarrez beteriko disko bat grabatuko du. Zuzeneko lanari esker, publikoa ohartu zen aro berri bat zabaldu zela euskal musikaren panoraman. Aurreko lanean Bingen Mendizabal ezagutu zuen, eta elkarrekin Bar Puerto (2001) grabatu zuten naturaltasunez, Kirmen Uriberen hitzek lagunduta. Espilue lanak izandako harrera onaren ondoren, arrisku handiko apustua egin zuten, oso disko berritzailea baitzen, eta horrek argi erakusten du Mikeli ez zaiola gustatzen bide errazenetik joatea, ezta gauzak errepikatzea ere. Norabide-aldaketa hori ez da musika arloan bakarrik gertatuko, eta Mikelek biziko duenaren hazia ereingo du hurrengo urteetan.

Heldu artean (2002), berriz, proposamen hiritarragoa da, gautarra eta beroa, ihes-puntu alaiak eta pop musikatik hurbilagoak dituena. Mikelen hitzak ditu, eta zuzeneko emankizunetan lagunduko dioten taldekideak aldatzen eta kide berriak batzen joango zaizkio; horietako bat Koldo Uriarte da.

2003ko martxoan, New Yorken, Rafa Rueda, Bingen Mendizabal, Mikel Valverde eta Kirmen Uriberekin batera Zaharregia, txikiegia agian (2003) disko-liburua aurkeztuko du, abestiez, marrazkiez eta errezitatutako olerkiez osatutako mugarria. Diziplina anitzeko ikuskizuna da, eta horren bidez, publiko zabalago bati hurbilduko dio poesia, konplexurik gabe. Arkaitz Basterra errealizadoreak dokumental bat aurkeztu zuen 2006. urteko Donostiako Zinemaldian, artista eta lagunek osatutako talde berezi honen proiektuak izandako esperientzian inspiratuta.

Sonoritate berri bat, giro irekiagoak eta begirada introspektiboago bat bilatu nahi izatetik sortuko da Dana (2005). Historia txikiz betetako disko bat da: Sebastian esne-saltzailearena –haren behiak esne gutxi ematen du–, edo panderoaren gizona, pandero bategatik ehunka kilometro ibiltzeko gai dena, edo auzo batena, Mekoleta, egunsentian igelak kantari aritzen direna. Eta Anek idazten dizkion gutunek maitasun zahar bati buruz diotena ere kontatuko digu.

Zubia (2009) lanak aurrekoaren bidetik jotzen du, baina oso desberdina da aldi berean. Historiena baino gehiago, sentsazioen, sentimenduen eta aldarteen disko bat da. Zubia zeharkatzera ausartzen ez garen zubia da, eta zeharkatu ondoren, betiko aldaraziko gaituena. Zahartutakoan, haur garaiko paisaietara itzultzen garenean topatuko dugun zubia da. Zubia zerbait hauskorra da; gerretan suntsitzen den lehen gauza izaten da. Baina elkartzen gaituen zerbait ere bada, beharrezkoa dugun lokarria.

Azken urte hauetan Mikelek kontzertu bat eskaini izan du, bere taldearekin batera, Eguberri inguruan Bilboko Kafe Antzokian. Lagun artean eta agertoki gainean urtebete gehiago egin izana ospatzeko balio duen ekitaldia izaten da. Oso une berezia izaten da bai taldearentzat eta bai lokalera gainezka etortzen den publikoarentzat ere. Hori dela eta, 2011. urtean kontzertu hori grabatzea eta disko bikoitz bat argitaratzea erabaki zuen, Mikel Urdangarin Zuzenean (2011) izenekoa, bere zuzeneko lehen diskoa, eta arrakasta handiz osatutako disko bikoitz honek ederki islatzen du une horren berezitasuna, publikoarekin duen konplizitatea eta talde barruko giro aparta.

Ekaitzaren ondoren barealdia dator. Azula (2012) izeneko lanari udazken kutsua dario bazter guztietatik. Formatu ezezagun batean eta orain arte sekula agertu gabeko soinu batez. Ángel Celada eta Koldo Uriarterekin batera grabatua, lehendik ezagunak dituzun tokietatik abestuko dizu Mikelek. Kontrako bidetik abiatuz (alderantzizko bidaia eginez) ur sakonetatik kanpoaldera jaurtiko du aingura, airea bizi den lekura, zure larruazaleko krater hutsetakoren bat bete nahian.

Zaharregia… lanetik hamar urte igaro ondoren, berriro elkartu dira Mikel, Kirmen Uribe, Rafa Rueda, Bingen Mendizabal eta Mikel Valverde, Jainko txiki eta jostalari hura (2014) grabatzeko asmoz. Berriro ere, lan honek diziplina artistiko desberdinak uztartzen ditu leunki, ikuskizun indartsua, eraginkorra eta guztiz zirraragarria sortuz. Taldean egindako lan hau azaroaren 21ean aurkeztu zuten New Yorkeko Poisson Rouge aretoan.

Urtebete geroago, 2015ean, berriro itzuliko da areto horretara, bere lanik gordinena aurkeztera, MMXV (2015), eta birari buruzko kronika musikal horretan, lehen aldiz bakarlari gisa arituko da Mikel 60 baino kontzertu gehiagotan, eta urte eta erdi emango du horretan. Mikel Urdangarin biluzik ageri da, bere hauskortasun eta indar guztiarekin, eta planteamendu berritzailea da hori, ezaguna dugun errepertorio batetik abiatu arren. Mikel ezagutzeko ezinbesteko lana.

Urte batzuk igaro dira azkeneko aldiz Mikelek bere ohiko taldearekin proiektu bat aurkeztu zuenetik, eta estudioan elkarrekin lanean aritzeko gogoa piztu zaie berriro, Eskutik Eskura (2017). Bere hamalaugarren diskoa izango da, guztiak ere Elkarren grabatuak, eta Koldo Uriarte, Jon Cañaveras, Angel Celada, Rafa Rueda, eta Nika Bitchiasvili izango ditu taldekide, Gerardo Markuleta, Xabier Amuriza eta Mikelen beraren hitzekin lagunduta.

Egin clicka handitzeko