Taldekideak

Mikel Urdangarin: Ahotsa, gitarra akustikoa, pianoa, letrak
Koldo Uriarte: Pianoa eta teklatuak, elektronika, melodika, ahotsak, gitarra elektrikoa eta akustikoa
Rafa Rueda: Gitarra elektrikoa eta akustikoa, dobroa
Nika Bitchiasvili: Bibolina
Jon Cañaveras: Baxua
Ander Hurtado de Saratxo: Bateria
Alison Keable: Ahotsa ("Ura dakartzut")

Fitxa teknikoa

Formatua: CD
Produkzioa: Koldo Uriarte
Masterizazioa: Silvestar estudios
Diseinua eta azala: Alain Urrutia
Kolaborazioak: Harkaitz Cano (Ura dakartzut kantaren letra); Kirmen Uribe (Oh kantaren letra)

2020

Izurdeen lekua

Gertuko pertsona bat desagertzen denean egia handi bat gertatzen da beste ezerren gainetik: pertsona hori ez duzu berriz ukituko, ez bada ametsetan. Fisikoki desagertzeak hori dakar, ezinbestez. Hauxe da onartzen zailena baina horrela da, maite zenuena gauza ukiezinen munduan biziko da aurrerantzean.

Ama hil zitzaidanetik mundu horretan hartu dut ostatu. Han bizi naiz honetan bainoago. Lurtarra denak interesa galdu izan balu bezala. Beste inundik idazterik ez neukan. Musika baino bidaide hoberik ezin aurkitu zeregin honetan. Bera ere ukiezina, lainotsua eta mugikorra da. Uneoro da ezberdin. Eta indar amaigabea du bere baitan. Bihotzak eta arimak konpartitzen dute. Egunez amak bizi nau era tematian; oroitzapen, pentsamendu eta ebokazio jario etengabean. Gauez, desiratzen nago loak har nazan berak bisitatuko nauen esperantzaz, berak ere nire buruan ostatu har dezan… Mundu ukiezinean dena da laino, dena mugikor eta erortzean ez duzu minik hartzen. Uneoro da ezberdin. Eta ezin ukitu, ezin atzeman dezakegulako indar amaigabea bizi da bertan. Eta, garrantzitsua dena, dena da benetako.

Mundu horretatik idatzi ditut disko honetako letrak eta doinuak. Beste inundik idazterik ez neukan. Musika baino bidaide hoberik ezin aurkitu zeregin honetan. Bera ere ukiezina, lainotsua eta mugikorra da. Uneoro da ezberdin. Eta indar amaigabea du bere baitan.

Partekatu ezazu

Facebook
Twitter
Email

Letrak

Bi mila ta hogeiko maiatzean,
gure uretan, ur zabaletan.
Urratu zuten azal berdea,
iratzarri zen itsas barea.

Hor azaldu ziren gure aurretik bizi zirenak.
Ez jakitun ziren, gu harriduraz beha ginena.

Haiek segiten ohiko zuten eran:
killak ur azpian ta belak aidean.
Ohiko zuten eran nahiz guk ez jakin;
Zarauzko badian, Ondarrun Atxazpin.

Hor azaldu ziren oin milaka urte bezala azaltzen zirenak,
ez jakitun ziren, ezer ez zekiten, ez zekiten gutaz.
Ohiko zuten eran, killak ur azpian ta belak aidean…
Itsasargiak bailiran hor azaldu ziren izurdeak.

Itsasargiak bailiran hor azaldu ziren izurdeak.
Hor, bihotz oneko piratak, ta haien mendetako altxor gordeak.
Hor, itsas lamiak, marmoka erraldoiak, kantu zarretako baleak.
Killak ur azpian ta belak aidean, izurdeak.

Lagun onen konpainia,
maitale zaharren beroa,
urrun lotzen da geroa,
gaba ordien urria.

Ezagun dot heriotza,
enaz lotsa, enaz beldur.
Zuk erakutsita segur
hilezkorra dan bihotza.

Betor kantu hau lurrera,
lubaki zaharren bakera,
garraxi isilen artera,
min hau nirea ete da?

Oritik Bizkargiraino,
hasi ta azken pausuraino.
Fuerte kantatuko dautsut
zuk ondo entzun dagizun.

Oritik Bizkargiraino,
mosuz mosu, lainoz laino,
kantatuko dautsut fuerte
zuk entzun dagizun maite.

Belarrira kantaukotzut
zuk bakarrik entzun daizun.

Hiru ahizpatik bigarrena,
Miren Sorkunde izena,
Aitite Mikel eta Amama Kontxarena.

Zuri kantatzera nator.
Zuri, danetan guapana.
Doinu honek ekarri nau zuregana.

Deustuar baten emazte,
gazterik ezkondu, gazte,
seme-alabak hiru ekarri zenduzen.

Eta bilobak ondoren,
katea ez bait da eten.
Badakizu, Peru etorri da azken.

Berba ederrik ez dago
Babeletik Zorrontzaraino,
zutzat balio leukenik
ez, ez dago.

Ta deskuidoz bat balego
bardin dosta honez gero.
Zuri begire ta ixilik
dot gurago.

Zuk emondako euskara,
nigan bizi dan taupada.
Zure eskuak, zure azken besarkada.

Zure ahotsa, zure arnasa,
zure biziraun beharra,
zure isilpeko negarra,
zure indarra.

Zatoz, ametsetan, zatoz.
Dantzatu gaitezen behingoz!
Zatoz esna, zatoz lotan
baina zatoz.

Nire min eta bizipoz,
nire odol, nire bihotz:
Zatoz egun argiz, zatoz gauez
baina zatoz.

Hiru ahizpatik bigarrena,
izan geinkean onena,
aitite Mikel eta amama Kontxarena.

Zuri kantatzera nator.
Zuri, danetan guapana.
Miren Abasolo Iza
geure ama.

Dena argi ikusten da
iluntasun hontan.
Lur azpiko beroan
erraz ikusten da.
Zainak ostendu dira
hezur muinen parera.
Desengainurik ez da
tunel barrenean.
Tunelaren barrenean.

Erreinu opakuan
handikeririk ez da.
Begibakoon artean
bekaitzik ez da.
Ez da bizi herra
odolbakoongan.
Bizitzaren menturak
lotzen dira lur gainean.
Lotzen dira lur gainean.
Zuek zapaldu lurrean.

Zuek, lur gaineko zuek,
ilunaz beldur zaretenak, ilunaz.
Adi zuek, ispiluak lez darabiltzazuenok begiak, begiak.

Azal gastatu honetan
iragan negu gorriak.
Gainetik duzunean
min ematen du herriak.

Zuek zeru azpiko zuek, Jainkoa behar duzuenak, Jainkoa.
Beti ihes, zuen baitatik ihes, egia galdu zenutenak, egia.
Inoiz libre, min guztietatik libre mundua pentsa zenutenak, mundua.
Bai zuek, errukarri zuek, maskaradun zuek, argia gurtzen duzuenak, argia.

Argia.

Sasoi hareetan ohiko genduan
Zorrontzatik Durangora.
Oinak jarrita, puntua erantzun,
bigarren kilometrora.
Mugarrapeko harrobi hartatik
doinu zaharren altzora.
Amak kariñoz oroitzen eban
behin hari esandako lora:
Jakizu Miren zure semea
bertsolari izango da.

Gorderik zana bertsotan dakart,
lehengo aitortza ixila.
Harri koxkorra zein harritzarra,
harri baltz, harri zurbila.
Txarrik ezpaitzan ahalegindu zan
balekoa izan zedila.
Eta kementsu ebilelarik
harri bitxiaren bila,
gurari bete gurdi hartatik
jaitsi zan gure mutila.

Berben joskera neurgarri balitz
harri bat horman sartua
hezurretara ailegatzen zan
ahots harrakalatua
aintzinateko dardarizoa
sustraietara lotua
oraindik nazen nerabe honek
ixilpean maitatua
maisu zaharrak entzun dagian
goratu nahi dau kantua.

Hain begi txiki bera zirenak,
jende onaren izena.
Oraindik ez da huts bilakatu
amari esandako dena.
Ozen kantatu gura neunskizu
esker onik beroena.
Zure begiek ikusi eben
neureek ezin ebena,
kantariaren azal azpian
bertsolaria nintzena.
Oraindik nigan bizirik dago
zure berbak ekarrena.
Kantariaren azal azpian
bertsolari bat ba zena.
Zure begiek ikusi eben
orain neurek dakustena
kantariaren azal azpian
bertsolaria nazena.

Utziozu bizitzari kulunka zaitzan.

Ura dakar
eskubete ur.
Aski ez baina,
ura dakarzut.

Azken lerro hitsa
eguzkiak
idatzi du ostertzean:
kolore berbera
dauka suak
eskutitzak erretzean.

Ura dakarzut,
urrutikoa.
Aski ez den arren
ura dakarzut.

Eztarria lehor,
pospoloak umel
begiak errepidean,
koioteen ulu
ta sugeen ziztuak
lagaz atzean…

Ura dakarzut…

Basamortu izan aurretiko ura
da bat-batean?
Zeruko mezuak irakurtzen
moldatzen ez garenean,
azti jakintsuak
izarren aiduru
trantzean.

Nekea bilakatu da izu,
geroz eta urrunago naukazu,
eman atseden bihotzari
arnasa hartzen utzidazu.

Nire ura pasatuko dizut,
azken tantaraino edan zazu.
Lehioak irekita dirau
hemen itxarongo zaitut.

Ez naiz urrundu, gertu naukazu,
etsiak egin zaitu zauritu,
bihotzak ez du atsedenik,
arnasak zu behar zaitu.

Indarrak berriz itzuli arte
nire ondora magaldu zaite.
Ez zaitut bakarrik utziko
nigaz erratu zara, gazte.

“Oh, goizero behatzen zaitut lo”.

Eguna hasi da
zure begiak
neureak dira.

Lua lua
alostorrean
ikusten duzu goizean.

Bihotzak taupa
ahots ederrak
sorginduta nauka.

Eguna hasi da
nire begiak
zeureak dira.

Kantuak

Multimedia

Izurdeen lekua - Mikel Urdangarin. Izurdeen lekua (*ZART, 2020)
Izurdeen lekua - Mikel Urdangarin. Izurdeen lekua (*ZART, 2020)
Eguna hasi da - Mikel Urdangarin. Izurdeen lekua (*ZART, 2020)
Eguna hasi da - Mikel Urdangarin. Izurdeen lekua (*ZART, 2020)
Zaharra eta gaztea - Mikel Urdangarin. Izurdeen lekua (*ZART, 2020)
Zaharra eta gaztea - Mikel Urdangarin. Izurdeen lekua (*ZART, 2020)
Ura dakartzut - Mikel Urdangarin. Izurdeen lekua (*ZART, 2020)
Ura dakartzut - Mikel Urdangarin. Izurdeen lekua (*ZART, 2020)
Enaz beldur - Mikel Urdangarin. Izurdeen lekua (*ZART, 2020)
Enaz beldur - Mikel Urdangarin. Izurdeen lekua (*ZART, 2020)
Azalaren azpian - Mikel Urdangarin. Izurdeen lekua (*ZART, 2020)
Azalaren azpian - Mikel Urdangarin. Izurdeen lekua (*ZART, 2020)
Argia - Mikel Urdangarin. Izurdeen lekua (*ZART, 2020)
Argia - Mikel Urdangarin. Izurdeen lekua (*ZART, 2020)
Hiru ahizpatik bigarrena  - Mikel Urdangarin. Izurdeen lekua (*ZART, 2020)
Hiru ahizpatik bigarrena - Mikel Urdangarin. Izurdeen lekua (*ZART, 2020)