- 100/25 BOS – Mikel Urdangarin musikan bere 25. urteurrenaren baitan garatzen ari den proiekturik garrantzitsuena da.
- Bilbao Orkestra Sinfonikoaren mendeurrena ospatzeko ekintzen artean dago.
- Urdangarinen abesti esanguratsuenetako batzuk orkestrara egokitzea, Bilbao Orkestra Sinfonikoak interpretatzea, zenbait kontzertu egitea eta disko bat grabatzea dira proiektuaren ardatz nagusiak.
Mikel Urdangarinek 100/25 BOS – Mikel Urdangarin proiektua aurkeztu du gaur goizean Euskalduna Jauregian. Alboan izan ditu Lorea Bilbao, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatua; Ibon Aranbarri, Bilbao Orkestra Sinfonikoaren zuzendari nagusia; eta proiektuan parte hartzen duen taldearen kideetako batzuk: Bingen Mendizabal, Urdangarinen kantuen orkestrarako moldaketen arduraduna; eta Iker Sánchez Silva, proiektu honen barruko kontzertuetan orkestra zuzenduko duena.
Proiektu hau kantautore zornoztarra bere 25 urteko ibilbide musikala ospatzeko aurten egiten ari den jardueren artean kokatzen da eta garrantzitsuena da. Hain zuzen ere, Bilbao Orkestra Sinfonikoaren mendeurrenarekin bat egiten duen urte berean. Elkarrekin disko bati forma emango diote eta hainbat kontzertu egingo dira.
Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatu Lorea Bilbaok, erakundearen izenean ekitaldiari ongietorria egin dionak, bere sailak proiektu honi emandako babesa azpimarratu du, euskal kulturari ematen dion balioagatik: “Proiektu berezia da. 25 urteko ibilbidea duen kantariaren eta 100 urte dituen gure orkestraren talentu sendoaren erakusgarria izango da egitasmoa. Euskal musikaren bi erreferente alkartuta, eskuzabaltasunez eta profesionaltasunez beren talentua eta esperientzia batu eta herritarroi, guztion gozamenerako, aparteko esperientzia bat eskainiz. Bizkaiak munduan dituen bi enbaxadore bikain beraien urteurrena ospatzen ari dira, eta euren lanari esker, guztiok dugu eurakaz batu, kontzertuetara joan eta 100 eta 25 urteak merezi daben moduan ospatzeko aukera. Beraz gonbidatu gura dodaz herritarrak zein bisitariak kontzertuetara joan eta benetan berezia izango den proiektu hau bizitzera”.
Bilbao Orkestra Sinfonikoarentzat ere oso urte berezia da aurtengoa, bere mendeurrena. Eta hau da mugarri garrantzitsu hau ospatzeko proiektuetako bat. Horrela, Ibon Aranbarrik, Bilbao Orkestra Sinfonikoaren zuzendari nagusiak, proiektu honi buruz honako hau adierazi du: “Bilbao Orkestra Sinfonikoarentzat Mikel Urdangarinekin disko hau grabatzea gure mendeurrena ospatzeko ekintza garrantzitsuenetako bat da. Euskal musika garaikidearen ordezkari handienetako batekin lankidetzan aritzea harro egoteko modukoa da, are gehiago musikari eta konpositore honen 25 urteei gure mendeurrenaren ospakizuna gehitzen badiegu”.
100/25 BOS – Mikel Urdangarin
100/25 BOS – Mikel Urdangarin kantautorearen eta orkestraren lankidetza suposatzen du sormen prozesu osoa hartzen duen proiektu global bat garatzeko.
Urdangarinen errepertorioko eta orkestrarako moldaketako kanturik esanguratsuenetako batzuen aukeraketatik abiatzen da. Hautatutako abestiak Bilbao Orkestra Sinfonikoak interpretatuko ditu, Iker Sánchez de Silva orkestra-zuzendari eta konpositorearen gidaritzapean.
Dagoeneko Muxikebarrin, Getxon, eta Bilbon, abuztuaren 20an, Aste Nagusian, elkarrekin emango dituzten kontzertuak baieztaturik daude.
Diskoa uda amaieran grabatuko da.
Bingen Mendizabalek kantak hautatu ditu Urdangarinekin batera eta orkestrarako egokitzapenaren arduraduna izan da. Mendizabal pozik dago egindako lanaz, sormenezko erronka bat izan dena, abesti bakoitza eremu berrietara eraman baita.
Mikel Urdangarinek, bere aldetik, proiektu hau bere ibilbidean mugarria dela azaldu du, zirraragarria dela eta ilusioz ekin diola: ”Niretzat elkarlan hau erronka ezohikoa da, ametsa zalantzarik gabe. Eta salbuespen handiek merezi duten arretarekin erantzungo dugu. Izan ere, bere 100. urteurrenean Orkestrarekin kantatzeak orain arte ezagutu gabeko toki batera darama nire kantutegia eta aukera hau baliatu behar dugu ikuskizun gogoangarria osatzeko. Orkestazioa Bingen Mendizabalek sinatzeak ametsa are ederrago egiten du.”
Guztira 15 abestik osatuko dute diskoa: horietatik hamahiru Bingen Mendizabalek orkestrarako moldatutakoak; beste biak Koldo Uriartek eta Fernando Velázquezek moldatu dituzte.
Bingen Mendizabal lagun izateaz gain, Urdangarin talde handi batez inguratu da lan hau sortzeko.
Horrela, Koldo Uriarte da lanaren ekoizlea eta abestietako baten moldaketaz arduratu da; Iker Sánchez Silvak zuzenduko du BOSa proiektu honen esparruan egiten diren kontzertuetan; Bapo bapo produkzioak lanak egingo ditu ekitaldien ekoizpenean; eta ZART kolektiboa arduratuko da diskoaren fabrikazioaz eta banaketaz, Mikel Urdangarinen beraren disketxearekin jaioko dena.
100/25 BOS – Mikel Urdangarin ekimenaren baitan sortuko diren kontzertuak Urdangarin aurten egiten dabilen 25 Tour birarekin uztartuko ditu. Bira honek munduko hainbat lekutara eraman eta eramango du.
Hala, estatuko hainbat hiritan aritu da eta joko du, hala nola Madrilen, Bartzelonan, Salamancan edo Logroñon. Eta baita Europako hiriak ere, Londres datorren urrian, besteak beste; Amerikako Estatu Batuak, hemendik iritsi berria eta aurten beste bitan itzuliko dena; edo Japonia.