Mikel Urdangarinek 25 urteko ibilbidea ospatuko du bere lehenengo diskoaren berrargitalpenarekin: “Haitzetan.1997-2022”

Mikel Urdangarin Haitzetan

Azaroaren 26an kaleratuko den albumean ere, Bilboko Kafe Antzokian zuzenean grabatutako “Su ñimiño bat” abesti berria egongo da.

25. urteurrenaren atarian, Mikel Urdangarinek bere lehen diskoa berreskuratu eta berriz argitaratzeko prestatu du: “Haitzetan. 1997-2022”.

Album berria datorren ostiralean, azaroren 26an, jarriko da salgai eta Durangoko Azokan ere *Zart kolektiboaren stand-eko nobedadeetako bat izango da.  Urdangarin bera kide duen artisten talde hori izan da, hain zuzen ere, abeslari zornotzarraren lan ezagunenetako baten berrargitalpen eta bermasterizazioaren arduraduna.

Urdangarinek mende laurden hau ospatu nahi izan du bere kanta aipagarrienen errepasoa eginez, baina baita orain arte argitaratu gabeko abesti batekin ere: “Su ñimiño bat”. Singlea urrian grabatu zen zuzenean Bilboko Kafe Antzokian eta hilabete honen hasieran aurkeztu zen bideoklipa, “Haitzetan” diskoaren berrargitalpenaren aurrerapen gisa. Kanta berezia da oso, eta bertan artista bizkaitarra bere bandarekin agertzen da, urte hauetan guztietan izan duen bilakaeraren adibide oduan. Bertan ere, bere sentimendu intimoetako batzuk adierazi ditu: bere ibilbidean hainbeste adiz sentitu duen berez “irreala” den bakardadearen sentsazioa islatu du Mikelek.

Alain Urrutiak diseinatu du disko berria. Margolari bizakaitarra *Zart taldeko kidea da ere, Rafa Rueda, Iker Lauroba, Elizabeth Macklin eta Maite Larburu artistekin batera, besteak beste. Gainera, Gaizka Peñafielek Kafe Antzokian “Su ñimiño bat” grabatu zenean ateratako hainbat argazki erabili ditu.

“Haitzetan. 1997-2022”, beraz, zalantzarik gabe, benetako altxorra da Urdangarinen jarraitzaileentzat eta musikazaleentzat, baita abeslariaren abesti mitiko eta ezagunekin gozatu nahi duen ororentzat ere. Diskoak, gainera, ongi etorria emango dio Mikel Urdangarinen ibilbide musikalaren 25. urteurrenarekin zerikusia duten hitzordu bereziez betetako urteari.

Facebook
Twitter
Email