Finlandiako Basking Beat & Bite jaialdiaren hirugarren edizioan parte hartuko dugu

Basking Beat & Bite

Abuztuaren 31tik irailaren 2ra egingo da eta Finlandiako bi hiritan ospatuko da, Tamperen eta Helsinkin.

Bueltan da Basking Beat & Bite euskal musika jaialdia Finlandiara, aurten En Tol Sarmiento (ETS), Huntza eta hiruron emanaldiekin. Abuztuaren 31tik irailaren 2ra egingo da eta Finlandiako bi hiritan ospatuko da, Tamperen eta Helsinkin. Aipatu taldeen musika emanaldiez gain, euskal pintxoak dastatzeko aukera ere izango da eta baita musika kulturaren sektorearekin ‘networking hamaiketako’ saioa ere.

Lehenengo edizioan Gatibu, Zetak eta Olatz Salvadorrek hartu zuten parte, bigarrenean Izaro, Skakeitan eta Bulego taldeek eta hirugarren edizio honetan ETS, Huntza eta guk bidaiatuko dugu Finlandiara. Hala, bada, Basking Beat and & Bite abuztuaren 31n hasiko da Tamperen. Bertan, 11.00etan ekingo diote inaugurazio ekitaldiari, Tampereen Gourmet Clubean. Bertan euskal dantza eta gastronomiaz dastatzeko aukera izango da. Arratsaldean ekingo diote euskal taldeek lehen emanaldiari, Tavara-asema aretoan.

Hurrengo egunean, irailaren 1ean, Helsinkik hartuko dio lekukoa Tampereri. Programazioa ‘mikrofono ireki’ saio batekin hasiko da finlandiar hiriburuko Brasa Terrace aretoan. Irailaren 2an, aldiz, Tampereko egitaraua errepikatuko dute Helsinkin. 11.00etan musika eta kulturaren sektoreko lagunek ‘networking hamaiketako’ saioa egingo dute Brassa Bar tabernan. Iluntzeko 19:00etan, aldiz, ETS, Huntza eta Mikel Urdangarinek haien zuzenekoa eskainko dute Lepakkomies tabernan.

Finlandiako lehenengo musika jaialdi euskaldunak Tamperrada euskal pintxo txapelketa du jatorrian. 13 urtez egin da, eta urtero 62 taberna eta jatetxe parte hartzailerekin antolatzen du jaialdi hori Mikka Reinikka euskara eta euskal kulturaren zale amorratuak. Jaialdi gastronomiko bezala hasi zena, pixkanaka handitzen joan da eta orain azokak, kontzertuak eta bestelako ekimenak antolatzen dira. Hortik dator, hain zuzen ere, Basking Beat & Bite jaialdiaren izena (‘hozkatu euskal erritmoa’ moduan itzuli daitekeena).

Etxeparek eta Basking Food & Culture elkarteak sustatzen duten jaialdiak Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Musika Bulegoaren laguntza jaso du euskal sortzaile eta artisten nazioarteko presentzia sustatzeko.

Facebook
Twitter
Email