Mikel Urdangarin eta Herri Arte Eskolako Orkestra elkarrekin ariko dira Lekuona Fabrikan ikasturte amaierako kontzertu berezian. Errenteriako Herri Arte Eskolak ikasturte amaierari bukaera berezia emango dio aurten ere. Diziplina guztietako emanaldi eta aurkezpenez osatutako asteari bukaera emateko, ekainaren 19an hitzordu berezia izango da Lekuona Fabrikan: Mikel Urdangarin kantautorea eta Herri Arte Eskolako Orkestra oholtza berean ariko dira, arratsaldeko 18:30ean hasiko den kontzertuan, Sergio Zapirainen zuzendaritzapean.
Errenteriako Herri Arte Eskolak ikasturte amaierari bukaera berezia emango dio aurten ere. Diziplina guztietako emanaldi eta aurkezpenez osatutako asteari bukaera emateko, ekainaren 19an hitzordu berezia izango da Lekuona Fabrikan: Mikel Urdangarin kantautorea eta Herri Arte Eskolako Orkestra oholtza berean ariko dira, arratsaldeko 18:30ean hasiko den kontzertuan.
Mikel Urdangarin (Zornotza, 1971) euskal musikagintzako erreferenteetako bat da, eta bere ibilbide luzean hainbat formatu eta proposamen artistiko landu ditu. Horien artean dago 2022an argitaratutako “Badena eta ez dena” lana, Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin (BOS) grabatutakoa. Disko horretan, bere ibilbideko hainbat kanta moldaketa sinfonikoekin aurkeztu ziren, Bingen Mendizabalen eskutik.
Oraingo honetan, Herri Arte Eskolako Orkestrak erronka bere gain hartu du: lan horretako hainbat pieza zuzenean taularatzea, Sergio Zapirainen zuzendaritzapean. Horrela, ikasleek formatu handiko errepertorio garaikidea lantzeko eta lehen mailako sortzaileekin elkarlanean aritzeko aukera izango dute.
Egungo sorkuntzarekin lotura estua
Azken urteotan, Herri Arte Eskolako Orkestrak egungo sorkuntza eszeniko eta musikaletan parte hartzeko apustua egin du. 2022-2023 ikasturtean, esaterako, Kukai dantza konpainiaren “Eta orain zer?” ikuskizunean parte hartu zuen, Pascal Gaigne konpositorearen zuzeneko musika interpretatuz hainbat emanalditan.
Horrez gain, 2024ko Musikaste jaialdian Idoia Hatxeren “Panpin Orkestra” proiektuaren estreinaldian ere parte hartu zuen orkestrak, eta lan horretako hainbat kanta grabatzeko aukera izan zuen.
Esperientzia horien bidez, ikasleek errepertorio klasikoa lantzeaz gain, gaur egungo musika eta sorkuntza berrietara hurbiltzeko aukera dute, musikariekin eta sortzaileekin harreman zuzena sustatuz.
Sarrerak eta jai giroko amaiera
Kontzerturako sarrerak ekainaren 1etik aurrera egongo dira salgai, Kulturako webgunean (www.sarrerak.errenteria.eus), 5 euroan.
Gainera, egun berean, Lekuona Fabrikako emanaldiaren ondoren, jai giroak jarraipena izango du Zumardian. 20:00etan eta 22:00etan Herri Arte Eskolako ikaslez osatutako bi erromeria talde ariko dira zuzenean, udako oporraldiari ongietorria emateko.
Azken berriak jakin nahi?