Mikel Urdangarinek Laudioko Aiaraldeko ekintzen faktorian kontzertua eskainiko du. Bakarlari gisa igoko da oholtzara.
Mikel Urdangarinek 25 urte daramatza musikagintzan. Gehienetan melodiak eta letrak sortzen ditu bere abestietarako; zenbaitetan beste idazle ezagun eta lagunak dira hitzak maileguan idazten dizkiotenak.
Eta beti bera mikrofonoaren aurrean, bere kantatzeko estilo propio eta bereziarekin. Zalantzarik gabe, bere ahotsa berezia eta bakarra da.
25 urte hauetan zehar ahots horrek bilakaera sakona izan du eta egun askoz aberatsagoa da.
Mikel Urdangarinen musika beti da opari belarrientzat eta baltsamo arimarentzat.
Bakarlari zein taldean, formato ezberdinetan agertzeko gaitasuna dauka, gitarra zein pianoarekin.
Urdangarinen kanta ugari gure bizitzetako soinu banda bilakatu dira. Herri baten soinu-memoriaren zati dira.
Bakarlari bezala eskaintzen dituen kontzertuetan, kantautore zornoztarraren errepertorioaz beste modu batean gozatzeko aukera ematen du, esperientzia berezi bihurtuz.