Formatua: CD
Iraupena: 47′ 59″
Kodea: GH 042
Grabazioa: estudio El Canton de la Soledad estudioa (Gasteiz), septiembre y octubre de 2001
Soinu teknikaria: Juanan Ros
Azala: Mel Mardaraz
“Bar Puerto”(2001) lanean, aldiz, desagertzear dagoen bere jaioterrira itzultzen den gizon baten historia kontatzen zaigu. Kirmen Uribe, Bingen Mendizabal eta Mikel Urdangarinen testuetan oinarriturik, interpretazio berri bat egiten da, literatura, musika eta bideoa ikuskizun berri batean uztartuz.
Proiektu honetan folk, jazz edo rockaren mundutik datozen musikariek hartu dute parte, eta halaber, kanta tradizionalak eta berritasun handikoak orain arte ez bezala elkartzen dira.
Hara eta hona olatuak.
Igandea da hondartzan
asmo oneko jendearentzat.
Hango abarrots urruna
gure irlatik entzuten da.
Uretara sartu gara
biluzik, elkarri helduta.
Anemonak, barbarinak
ikusi ditugu hondoan.
Urpera sartu ta azpitik
behatu dizut gorputza.
Atsegin dut esku eta
zangoen mugimendua,
Atsegin sabelpeak
itsasbelar forma hartzean.
Haizeak garia bezala
mugitzen du urak hondarra.
Gero, lehorrera igo gara.
Luze pinuen itzalak.
Gaziak zure besoak,
gazia bularra, sabela gazia.
Ilargia itsasoaz
lotzen duen indar berak
lotu ditu gure besoak
harilkatu zangoak.
Mendeak segundu dira
eta segunduak mende.
Gure gorputz biluziak
udare zurituak.
Anemonak, barbarinak
ikusi ditugu hondoan.
Igandea da hondartzan
asmo oneko jendearentzat.
Hara eta hona olatuak.
Txatxamatxalinatxu jaio zan urtian
herria ta kofradia hasarratu ziran
Tirikitiena beltxa morena
ontza bat txokolate goizian onena
Txikia izan arren izan leike abila
Biba Elantxobeko tanbolintxerua
Tirikitiena beltxa morena
ontza bat txokolate goizian onena
Hostoak erortzen badira Prauan
eta usoak plaza berrian agurtzen,
etxerako bidean.
Euriak lotarazten bazaitu goizean
eta oraindik maite bazaitut
eguna joan denean.
Lehorreratu dira ontziak,
korrikan doaz umeak.
L.-ek ilea gorriztatu du
oinetan jantzi takoiak.
Cocacolakin Whiskya eta
elur malutak patrikan.
Hari segiko duenik ez da
jaio mundu zabalean.
Min egiten du
iparraldeko haizeak ene aurpegian.
Min egiten du
oraindik existitzen ez den mundu berriak.
Nola egin duzu, esan diote,
soineko hori josteko?
Oihal beltzean klarion zuriz
izarrak marrazten ditut.
Min egiten du
iparraldeko haizeak ene aurpegian.
Min egiten du
oraindik hona sortu ez den mundu berriak.
Ez noa etxera,
oraindik goiz da.
Ene muthilik ttipiena
hik emaiten deraut pena.
Habil harat, habil hunat,
mastainoaren puntalat,
ageri denez untzirik edo
ageri denez leihorra.
Nagusia, heldu nuzu
bihotza arras tristerik,
ez dut ikusi untzirik
ez eta ere leihorrik.
Jan behar balin banauzue,
hil nezazue lehenik.
Ene muthilik ttipiena
hik emaiten deraut pena.
Habil harat, habil hunat,
mastainoaren puntalat,
ageri denez untzirik edo
ageri denez leihorra.
Nagusia, heldu nuzu
alegerarik bihotza.
Ikusi dut leihorra,
Kataloniako hiria.
zure arreba Santa Klara
leihuan josten ari da.
Zeruak eta lurrak
egin zituana
memoria argitzera
atoz neregana
esperantza badaukat
zedorrek emana
kunplituko dedala
desio dedana.
Amoriozko penak
bertso berrietan
publika al banitza
Euskal-errietan
enetratu naiz ongi
enkargu oietan
San Jose arratsaldeko
iruterdietan.
Markes baten alaba
interesatua
mariñeruarekin
enamoratua
deskubritu gaberik
bere sekretua
amoriua zeukan
barrena sartua.
Egun siñalia zan
goguan artzeko
esan ziola aren
etxera joateko
deseo dedan itz au
manifestatzeko
zurekin Antonio
nago izateko.
Zer esaten didazu
Juanita itz ori
tentatzen ai zerala
trazak badirudi
ez zait zure gradurik
tokatutzen neri
ez burlarikan egin
mariñeruari.
Batzuetan iragana
oraina bihurtzen da.
Ezer gertatu ez balitz bezala
Deitu ahal banu zeurera.
Bueltatu ahal gara atzean
utzitako bideetara?
Jakin ahal dugu
behera ta behera goazela
hondoa jo arte?
Non zaude maitea?
Non dago argia?
Lehenago bezala
kanta belarrira.
Gogoan hartu ume haiek
bainatzen zubipean.
Gogoan hartu esan nizkizun berbak
benetakoak zirela.
Zenbat aldiz aldatu ahal gara?
Zenbat aldiz hobera?
Ba al dakizu benetan zer izan zen
urrundu gintuena?
Iritsi dira notiziak
iritsi dira eskutitzak
baina ez zureak.
Igaro ziren hegazkinak,
erre zituzten zubi denak,
isildu bazterrak.
Galdetu diet hegaberei,
galdetu pago biluziei,
ez dakite ezer.
Etorri hona,
Etorri laster niregana.
Izotza dut zainetan.
Soineko gorria iazko Sanjuanetan.
Suaren beroa gure gorputzetan.
Amantala zabaldu da zelaian.
Argazki zaharra ene oroimenean.
Maitea jeiki-jeiki,
ez al zerade loz ase?
Zure ondoren gabiltzan hauek
ez baikerade logale.
Iriki zazu portañe hori,
adiskideak gerade.
Ez dizut irikiko
gau ilunean aterik.
Barrengoak ez daki
kanpokoaren berririk.
Zatoz eguna argitzen danean,
egongo gera elkarrekin.
Heroina larrua jotzea bezain gozoa zela
esaten zuen garai batean.
Medikuek esaten dute okerrera ez duela egin,
eguna joan eguna etorri, eta lasai hartzeko.
Hilabetea da berriro esnatu ez dela
azken ebakuntzaz geroztik.
Hala ere egunero egiten diogu bisita
Arreta Intentsiboko Unitateko seigarren kutxara.
Aurreko oheko gaixoa negar batean aurkitu dugu gaur,
inor ez zaiola bisitara agertu diotso erizainari.
Hilabetea arrebaren hitzik entzun ez dugula.
Ez dut lehen bezala bizitza osoa aurretik ikusten,
esaten zigun,
ez dut promesarik nahi, ez dut damurik nahi,
maitasun keinu bat besterik ez.
Amak eta biok soilik hitz egiten diogu.
Anaiak lehen ez zion gauza handirik esaten,
orain ez da agertu ere egiten.
Aita atean geratzen da, isilik.
Ez dut gauez lorik egiten, esaten zigun arrebak,
beldur diot loak hartzeari, beldur amesgaiztoei.
Orratzek min egiten didate eta hotz naiz,
hotza zabaltzen dit sueroak zainetan zehar.
Gorputz ustel honi ihes egingo banio.
Bitartean heldu eskutik, eskatzen zigun,
ez dut promesarik nahi, ez dut damurik nahi,
maitasun keinu bat besterik ez.
Aspaldi-aspaldi saldu neban arima,
soilik geratzen jat gorputza.
Bizitzak askotan kolpatu nau baina
oraindik libre daukat bihotza.
Etorri zaitez, erdu, eskua emoizu,
goazen biok Bar Puerto aldera.
Sinistu, hangoa beste mundu bat dala.
Handik ihes egin beharrik ez da.
Ondo zagoz zu.
Ni ondo nago,
izan gaiten hobeto.
Ikusiko ditugu uretan baleak,
ipurdi gizenak dantzan.
Entzungo, ume denborako kontu zarrak
itsaslamien ahotan.
Goazen, goazen, lehen bait lehen Bar Puertora,
naufrago galduen irlara.
Ez isiotu surik, ez egin seinalerik,
bueltako txaluparik ez da.
Azken berriak jakin nahi?