Taldekideak

Mikel Urdangarin: Ahotsa, gitarra akustikoa
Rafa Rueda: Ahotsa, gitarra akustikoa, gitarra elektrikoa
Bingen Mendizabal: Bibolina, ahotsa
Kirmen Uribe: Ahotsa poemetan

Fitxa teknikoa

2013 – Elkar
Formatua: CD
Iraupena: 42′ 17″
Kodea: KD-898
Azala: Mikel Valverde
Grabazioa: Koba estudio (Bilbo)
Soinu teknikaria: Jose Manuel Sampedro “Xanpe”
Kolaborazioa: Alex Ruiz de Azua, perkusioa

2014

Jainko txiki eta jostalari hura

“Jainko txiki eta jostalari hura” (2014), deitzen den ikuskizun multimedia berri honetan, Kirmen Uriberen testuak nahasten dira Mikel Urdangarin, Rafa Rueda eta Bingen Mendizabalen musikarekin eta Mikel Valverderen ilustrazioekin. Arte-mota desberdinak ñabarduraz eta gustuz konbinatuz, ikuskizun indartsu, eder eta liluragarria sortu dute. Euskal artista garrantzitsuenetako batzuek elkarrekin egindako lan hau jendaurrean erakutsiko zen azaroaren 21ean New Yorkeko Poisson Rouge aretoan.

Partekatu ezazu

Facebook
Twitter
Email

Letrak

“Lurra eta itsasoa batera doaz”,
horrela zioen marinel zaharrak.
“Arrantzarik ez, baratze antzuan”.

Kimuak ernetzean, orduantxe,
gerturatzen arrainak kostara.
Bietan bera ei da aroa.

Eta herri zaharra da gurea,
gure berbek badituzte milaka urte.
Eta herri zaharra da gurea,
baina badakigu elkar ondo hartzen.

Luzatu da udalehen hotza,
kostatu bazterrak epeltzea.
Fruituak, lotsaz, itsas soroetan.

Hodeiak azkar doaz zeruan,
lauza umelak ari dira lehortzen.
Hodeiak azkar doaz zeruan
eta badakigu elkar ondo hartzen.

Nagoen lekuan geratuko naiz:
lehorra behar du itsasoak;
hala, norberak lagun hurkoa.

Eta herri zaharra da gurea,
gure berbek badituzte milaka urte.
Oinazea ere bada gurean
baina badakigu elkar ondo hartzen.

Hodeiak azkar doaz zeruan,
lauza umelak ari dira lehortzen.
Eguzki-begia da zeruan
eta badakigu elkar ondo hartzen.

Orinak marraztu zizkizun jainko hura izan gura nuke,
jainko txiki eta jostalari hura,
milaka puntutxo margotuz zure azalean.

Atsegin ditut zure orinak.
Atsegin dut kontatzea izarrak balira bezala.
Eta izar berri bat aurkitzea egunero,
supernoba bat kausitzen duen astronomoa legez,
zure bizkarreko tokirik ezkutuenean
edo zure bularren azpian.

Zure azala neure behatzarekin ibiltzea dut gustuko,
jarraitzea planeta ezberdinen artean
sortzen diren lerro ikusezinak.
Astiro-astiro, teleskopiorik zehatzena bezala.

Zuk diozu ez zaizkizula gustatzen,
nahiago zenukeela orinik ez izan,
azal zuri lauean.
Baina zer egingo nuke nik, noraezean
dabilen itsasgizona nintzateke gau itxian.

Gogoan dut orin bat eskatu nizula
ezagutu ginen gauean.
Begiaren alboan duzun hori.
Nahikoa nuen Itaka txiki hori
nire etxea bertan eraikitzeko.
Eta zuk eskuzabal, esan zenidan:
den-denak izango dira zuretzat,
guztira zenbat ditudan asmatzen baduzu.

Orinak marraztu zizkizun jainko hura izan gura nuke,
jainko txiki eta jostalari hura.
Eta musu eman gauero zure orinei,
banan-banan eta kontu handiz,
kontu handiz, desitsats ez daitezen.

Ibaiko ura ere bandera bat baita.
YEHUDA AMIJAI
Artibai gaineko zubian,
besoak barandan etzanda.
Lertxuna, olezko ontzi
zaharraren hezurduran.
Gerraostean utzi zuten
usteltzen bertan, zigor gisa.
Urgaineko hostoak
ibaian barrena doaz.
Marea gora den seinale.
Hori dut une gustukoena.
Uste baitut urak ez doazela
beti norabide berean.

San Frantziskotik Sausalitora,
auto zahar honetan,
altzairuzko zubia zeharkatzen.

Betiko janari-dendara noa,
euskal futbolaz mintzo zaizkit
mexikar papergabeak.

Nire seme-alabei utziko diedanaz
pentsatzen dut: hizkuntza txiki bat,
liburuak eta beste askorik ez.

Bizirik iraun dute hemen denek:
John, hegoalde arrazistatik ihesi;
Victoria, gurasoen base militarretik.

Zergatik sentituko naiz hain libre.
Horren bakarrik, horren urrun,
auto zahar honetan.

Nire seme-alabei utziko diedanaz
pentsatzen dut: hizkuntza txiki bat,
liburuak eta beste askorik ez.

Lehendakariak munstroaren sabela hartu du gordeleku
deserrian: Berlinera alde egin du naziengandik ihesi,
han sekula aurkituko ez dutelakoan.

Kontsul hegoamerikar baten izena hartu du.
Eta orain, mitinetara milaka lagun biltzen zituen
gizon ziur hura, frontera zihoazen gazteei.

Carlton hoteletik hitz egiten zien gizon bulartsua,
orain bakar-bakarrik doa trenean. Ihesean galdu ditu
maletak eta, batek daki, beharbada herria bera ere bai.

Lehendakaria Belgikako deserrian bonbaz hil zaion
arrebarekin gomutatu da, haren itxura hartu dio
trenean salamia eskaini dion baserritar alemanari.

Lehendakariak deserrian liburu bakar bat
darama aldean, Plutarkoren Bizitza paraleloak.
Hark soilik laguntzen dio gauez loak hartzen.

Pasarte bat irakurtzen du behin eta berriz:
Alexandro Handiarena. Nola lasaitu zuen
inork mendera ezin zuen zaldi basati hura.

Nola hitz egin zion, belarrira esanez:
“Ez izan beldurrik, etengabe atzetik
jarraitzen dizuna ez da zure itzala besterik”.

Lehendakariak pentsatu du noizbait
Alexandrok zaldiari bezala berba egingo diola
bere herriari, belarrira mintzatuko zaiola.

Goxo-goxo: “Lasaitu zaitez, ez izan beldurrik,
atzetik doakizun hori ez da zure itzala besterik.
Gu denon itzala”.

Soilik oroit nitaz, ez dut gehiago eskatzen.
Oroit nazazu bizirik eta eskuzabal.
Azken egunera arte bizi nahi izan nuen.

Oroit gutariko bakoitzaz, eta denborarekin
haziko dira belarra eta adiskidetzea,
ninikatuko hostoak eta hitzak.

Sinets nazazu, haziko dira. Poliki,
amets dagien haur baten
hankak bezain.

Urte zahar iluntzea
eta bi-biok Saturraranen,
hondartzako aparkalekuan.

Olatuak haitz ainubeei talka.
Udako barre-algarak urrun,
dena errazago zen haurtzaroan.

Auto barruan, zure azalaren argia.
Nire bihotza dardaraz,
uretatik atera berri den ume bat bezala.

Gomutatzen barkutzar hura,
moilara loturik zegoena,
nola askatu zituen sokak ekaitzean?

Bakarrik iritsi zen hondartzara,
erraldoi naufragoa urertzean.
Halako indar batek biltzen nau zugana.

Auto barruan, zure azalaren argia.
Nire bihotza dardaraz,
uretatik atera berri den ume bat bezala.

Bertso berriak jarri nahi ditut,
hasi berrien pareko.
Juan de Oñate kapitainaren
ibilerak kontatzeko.

Amerikara ontziratu zen,
amets eroak tarteko.
Erregimentu bakar batekin
zerua konkistatzeko.

Nuevo Mexiko aldean sari
irabazi zuen fama.
Indiar aldren jazarpenean
basamortu bete lana.
Kartzelan sartu zientoka eta
akatu ere andana,
libre bizi zen koioteari
jarri nahi zion arrana.

Hala eta guztiz, gure indiarrek,
entzun txarreko izaki,
hiriburuan egin zituzten
makinatxo bat sarraski.
Espainiarren guardietatik
hamalau hilez, zehazki.
Gauzak horrela, oñatiarra
sutan jarriko zen, naski.

Gure Don Juanen apena ez zen
luzaroan atzeratu.
Handik zebiltzan hamalau indiar
ausaz zituen atzitu.
Urkamendira zihoazenean
bihotza zitzaion urtu.
Heriotzatik libratu eta
hanka bana zien moztu.

Gaur egunean, han ageri da
Santa Fe erdiko plazan,
Juan de Oñaten estatua bat
munduak miretsi dezan.
Zaldi gainean, ezpata luze,
irabazlearen trazan.
Hanka bat moztu ez baliote
sinesgarri izango zan.

Katu presumidua
dogu gure Tximist,
pelukerira doa
urtean bi aldiz;
urtean bi aldiz,
aktorea balitz.

Katu etxezuloa
dogu gure Tximist,
saguen barri dauka
telebisinotik;
telebisinotik
badaki gogotik.

Katu jostalaria
dogu gure Tximist,
hozka egingo deutsu
argi ez bazabiz;
argi ez bazabiz,
eta kontu handiz.

Katu misteriotsua
dogu gure Tximist,
umoreko ez bada
ez da jaramonik;
ez da jaramonik,
zer eingo deutsot nik!

Katu zalamerua
dogu gure Tximist,
engainatuko zaitu
bizkarra igurtziz;
bizkarra igurtziz
nahiz uleak utziz.

Katu mike-mikea
dogu gure Tximist,
arraina gustuko dau
baina hazur barik;
baina hazur barik,
ez dago bromarik!

Halan be maite dogu
danok geure Tximist,
etxea beteten dau
miauz eta ardiz;
miauz eta ardiz,
biba gure Tximist!

Txoriak salbatzea zen gure mandatua,
elurretan preso geratu ziren txoriak salbatzea.

Hondartza aldean egoten ziren gorderik gehienak
itsaso beltzaren abarora.
Haien babeslekutik atera eta
etxera eramaten genituen patriketan sartuta.
Txori txiki-txikiak, gure eskuetan ere
doi-doi sartzen zirela.

Etxean, berogailuaren ondoan jartzen genituen.
Txoriek, baina, ez zuten luzaroan irauten.
Bi edo hiru orduren buruan hil egiten ziren.
Guk ez genuen ulertzen zergatik,
ez genuen ulertzen haien esker txarra.
Izan ere, esnetan bustitako ogi apurrak
ematen genizkien jatera ahora
eta ohantzea ere prestatzen genien
gure bufandarik koloretsuenekin.

Alferrik, baina, hil egiten ziren.

Gurasoek, haserre, esaten ziguten
ez ekartzeko txori gehiago etxera,
hil egiten zirela gehiegizko beroagatik.
Eta natura jakintsua dela
eta iritsiko zela udaberria bere txoriekin.

Pentsakor jartzen ginen gu une batez:
“Beharbada gurasoak zuzen izango dira”.

Hala eta guztiz, biharamunean berriro
joango ginen hondartzara txoriak salbatzera.
Gure ahalegina itsasoan elur malutak
bezain alferrekoa zela jakin arren.

Eta txoriek hiltzen jarraitzen zuten,
txoriak salbatzea baitzen gure mandatua.

Zer esango, adiskide kutun,
ez naiz aldatu hainbeste.
Hau mundu hau, argi eta ilun,
onartu egin dut, honenbestez.
Eder basoen berdetasunak
eta hiri-zubien lizunak
zoratzen naute oraindik.
Bihoztu arren etorkizuna,
zalantzarako daukat tasuna.
Hain urrun zaude nigandik.

Ohikoa amesten jarraitzen dut,
horretan jartzen dut bizia.
Berehala jartzen nau zut
betiereko aurreiritziak.
Etxean hildako emazteak,
eskubide duinen ebasteak,
arrazoibide lausoak.
Injustizia ez da gaztea,
ez da gaitza hori ebaztea
behatuz gure pausoak.

Ezkortasunak gogaitzen nau,
begiratzen dut argira.
Zorigaitzak beharrean dirau
baina behin gatoz bizira.
Berdin-berdinak ditut akatsak,
zuzenduko dizkit azken hatsak;
marketsa naiz, zorionez.
Ez nau galaraziko goi-hatsak,
agudo abailtzen nau mahatsak,
maitemintzen naiz pertsonez.

Zure inteligentzia, benaz,
egiten dut gehien mira.
Kulturaz, bizitzaz, denaz,
problemak deus ez balira.
Egia izaten da bakuna,
errealitatea zurruna
eta bakana loria.
Lortu nuen denok nahi duguna:
zu bezalako mutil-laguna
ezagutzeko zoria.

Zer esango, adiskide kutun,
ez naiz aldatu hainbeste.
Hau mundu hau, argi eta ilun,
onartu egin dut, honenbestez.

Jar ezazu eguna, eta elkarrekin egingo dugu hegan.
Dorothy Parker

Ohi bezala, jar ezazu zuk eguna,
eta elkartuko gara berriz ere,
ezer gertatu ez balitz legez.

Betiko baldintzak jarriko ditugu.
Jende ozpinaz ez gara arituko,
“mediokritateari segundo bakar bat ere ez”.

Hobe poesiaz, bidaiez,
gorputz lirainez mintzatzea,
ezinezko desiraren milaka formez.

Eta beste behin ere emango dizut arrazoia.
Gauza inportanteak oso gutxi dira bizitzan,
lagun onak bezala, bospasei:

maitasuna, seme-alabak, adiskidetasuna,
herria, kultura, heriotza. Horregatik,
dena nahi izan behar dugu, ia dena erdiesteko.

Beti pentsatu izan dut, hain zinen bitala,
ez zenuela nahikoa gorputz bakar batekin,
bizitzaz bere osotasunean gozatzeko.

Ez zinela kabitzen zure hezur-haragietan.
Eta gaur konturatzen naiz
oraingoan ere lortu duzula nahi zenuena.

Gorputz bakar baten barruan bizi beharrean,
gu denongan hartu baituzu bizia.
Ohi bezala, jar ezazu zuk eguna.

Kantuak

Multimedia

K.Uribe/M.Urdangarin/R.Rueda/B.Mendizabal. "Herri Zaharra"
K.Uribe/M.Urdangarin/R.Rueda/B.Mendizabal. "Herri Zaharra"
K.Uribe/M.Urdangarin/R.Rueda/B.Mendizabal. "Kideari"
K.Uribe/M.Urdangarin/R.Rueda/B.Mendizabal. "Kideari"
Mikel Urdangarin &#039Herri zaharra&#039 - Hotel Reina, Buenos Aires (Argentina)
Mikel Urdangarin 'Herri zaharra' - Hotel Reina, Buenos Aires (Argentina)
K.Uribe/M.Urdangarin "Herri zaharra". Jainko txiki eta jostalari hura. Aurkezpen bideoa
K.Uribe/M.Urdangarin "Herri zaharra". Jainko txiki eta jostalari hura. Aurkezpen bideoa