Taldekideak

Mikel Urdangarin: Ahotsa, gitarra akustikoa
Kirmen Uribe: Irakurketak
Bingen Mendizabal: Bibolina, koroak
Rafa Rueda: Guitarra elektrikoa, ahotsa, koruak

Fitxa teknikoa

Formatua: CD
Iraupena: 45′ 08″
Kodea: GH-063
Grabazioa: El Canton de la Soledad (Gasteiz) estudioa, 2003ko urrian
Soinu teknikaria: Juanan Ros
Azala: Mikel Valverde

2003

Zaharregia, txikiegia agian

Hainbat diziplina artistikoren uztartze harmoniatsua den disko-liburu honetan, bost sortzaile garaikide topatzen ditugu, euskal kulturaren arlo desberdinetan lanean ari direnak: poesian, kantagintzan, zineman, rock alternatiboan eta ilustrazioan: Kirmen Uribe, Mikel Urdangarin, Bingen Mendizabal, Rafa Rueda eta Mikel Valverde.
“Zaharregia, txikiegia agian” (2003) lana, New Yorkeko kritikaren iritziz, urteko bost disko-liburu interesgarrienen artean dago, Lou Reed edo Leonard Cohenekin batera, besteak beste.

Partekatu ezazu

Facebook
Twitter
Email

Letrak

Munduari begiratzeko modu bat,
laguntzarrekin kantatzeko modu bat,
horman eguzkia hartzeko modu bat,
itxaroten jakiteko modu bat.

Pagoak ukitzeko modu bat,
azalak irakurtzeko modu bat,
hego-haizea usaintzeko modu bat,
autoan negar egiteko modu bat.

Ez onena agian,
ez ederrena agian,
zaharregia, txikiegia agian.

Begietara begiratzeko modu bat,
galderak egiteko modu bat,
eskutik heltzeko modu bat,
amets egiteko modu bat.

Ez onena agian,
ez ederrena agian,
zaharregia, txikiegia agian,
agian.

Kirmen Uribe daukat izena,
goitizena zelebratu.
Izena zeinek asmatu zidan
ondoko honi galdetu.
Lagunartean gustura nago
ezin dut hori ukatu.
Maiz ilargitan ateratzen naiz
ta eguzkitan oheratu.

Errondarako geratu gara,
badatoz Rafa eta Bingen.
Konde bat ematen du Mikelek
horren tente horren zuzen.
Iparrorratza galdurik dabil
atzo Bilbon gaur Gasteizen.
Jesus Maria!, koitadu hauek
auskalo non galdu diren.

Ez du munduak itxura onik
hasi berri den mendean.
Boteretsuak beti hartzen du
debila bere mendean.
Eskerrak pozik ere badela
batean eta bestean.
Etorri laster, zure zain nago,
sagarrak ditut labean.

Bada gorroto dudan lagun bat
Zuhaitzean gora egin nahi dudanean
ez, ez, ez, hobeto ez, esaten dit,
laprast eroriko zara lurrera.
Bada gorroto dudan lagun bat.
Futbolean jolastu nahi dudanean
ez, ez, ez, hobeto ez, esaten dit,
ipurdi azpitik sartuko dizute gola.
Bada gorroto dudan lagun bat.
Gustuko neskarengana hurreratzean
ez, ez, ez, hobeto ez, esaten dit,
ez du zurekin nahiko berak.
Bada gorroto dudan lagun bat.
Anaia txikiari musu eman nahi diodanean
ez, ez, ez, hobeto ez; esaten dit
esnatu egingo da berehala.
Bada gorroto dudan lagun bat.
Lagun horren izena Lotsa da.
“Ez, ez, ez, inola ez” esaten diot gauero
“bihar ez dizut kasurik egingo bada”.

Udazkena da bazterrean.
Berdez jantzi zara, zirikatzen.
Eta ni berriz hain hauskor.
Eta zu berriz horren suhar.

Bai, agian, bizkarrean jarriko nizuke eskua,
hura jaitsi gerrira, dantzatu.
Ohantzean etzan, lokartu eta iluntzean esna.

Desertua da kale honetan.
Lainoz jantzi zara, emankor.
Eta ni berriz hain hauskor.
Eta zu berriz horren suhar.

Bai, agian, bizkarrean jarriko nizuke eskua,
hura jaitsi gerrira, dantzatu.
Ohantzean etzan, lokartu eta
iluntzean esna.

Eta zurera sartuko banindu gogoak,
sorbaldetan pausa, jaitsi magalera.
Sabelera josi, lokartu eta
ahanzturan esna.

Apirilaren hasieran entzun zuen aurrena kukua.
Urduri zebilelako beharbada,
kaosa ordenatzeko joera horrengatik beharbada,
kukuak zein notatan kantatzen zuen jakin nahi izan zuen.

Hurrengo arratsaldean, hantxe zegoen basoan zain,
diapasoia eskuan, kukuak noiz kantatuko.
Diapasoiak ez zioen gezurrik.
Si-sol ziren kukuaren notak.
Aurkikuntzak bazterrak astindu zituen.

Mundu guztiak frogatu nahi zuen benetan
nota horietan kantatzen ote zuen kukuak.
Baina neurketak ez zetozen bat.
Bakoitzak bere egia zuen.

Fa-re zirela zioen batek, Mi-do besteak.
Ez ziren ados jartzen.

Bitartean, kukuak kantari jarraitzen zuen basoan:
ez si-sol, ez fa-re, mi-do ezta ere.
Mila urte lehenago bezala,
kukuak kuku, kuku kantatzen zuen.

Haitzetan lainoen artean, ortozik jaku egoten
hazia barruan ernetan, jatorkonari berba
herri bat ikusiko dozu negar eta zaurietan
ukenduz zeuk bakarrik osatuko dozuna
aita hil dautzue seme maltzurren egunean
sugarrik ez dozu gurako datozen Jondeunetan
eguzkiak emon daien indarra eskuei
zoli, haitz eta abarrots, Auñamendiko basoetan
haitzetan, lainoen artean, ortozik joku ibiltzen
hazia barruan ernetan jatorkonari berba.

Hiru aste igaro,
itsasotik bueltan.
Besoetan hartuta
nirekin olgetan.
Lehorrean gizonak,
itzalak uretan.
Gauez agertu zara
nire ametsetan.

Gorrotoa erraza,
zaila maitasuna.
Ez zen ondo igartzen
barruan zenduna.
Pena batek orain dit
galtzen osasuna:
Esan nizuna baino
esan ez nizuna.

Noizbait sortu ninduzun
nire adinean.
Amarekin etzanda
ohitura zenean.
Hartu lasai nigatik,
banoa bidean.
Aita, etorri zaitez,
gura duzunean.

Berrogei urtez labe garaietan lan egin arren,
barru-barrutik,
baserritarra izaten jarraitzen zuen.

Urrian, etxeko balkoian
soldagailuarekin
piper gorriak erretzen zituen.

Denak isilarazten zituen
haren ahots ozenak.
Alabak egiten zion soilik aurre.

Ez zuen inoiz maite zaitut esaten.

Tabakoak eta altzairuaren hautsak
ahots-kordak urratu zizkioten.
Mitxoleta bi hostoak galtzen.

Alaba beste hiri batera ezkondu zen.
Erretiratuak oparia zekarren.
Ez errubirik, zeta gorririk ezta ere.

Urtetan lantegitik ebatsi zituen piezak.
Soldagailuarekin
altzairuzko ohea josi zuen, ezari-ezarian.

Ez zuen inoiz maite zaitut esaten.

Oinentzat mesede izan arren, zapatentzat
sandaliek eskeletoen antza dute.
Olibondoak bi mila urte betetzen ditu
baina ez da ezertaz gogoratzen.
Gauza perfektuek ikara sortzen didate.
Ez ditut atsegin.
Nire letra okerra da, pausua okerragoa,
egin ahalak egin.

Gogoratu etxera luze gabe deitzea.
Kaina-bera luzeak mugitzen ikustea.
Neure burua hainbeste berriz ez zigortzea.
Azken trena galdu eta hurrena itxarotea.

Zauritutako eskuak errekan garbitzea.
Tristura gabe pozik ez dela jakitea.
Goizaren beirazko laztana muxuan sentitzea.
Deabruaren eskaintzak noizbehinka onartzea.

Agian dena aldatzen ahal da.
Agian nonbait biderik bada.

Gogoratu traba egiten dizun horretaz mintzatzea.
Ubarroiei begira isilik geratzea.
Beldur eta zalantzei eskua luzatzea.
Norabiderik gabe bakarrik gidatzea.

Aitak itsasoan galdu zuen ezkontzako eraztuna.
Marinel guztiek bezala, kendu egiten zuen hatzetik
eta lepokoan jarri, sarea largatzean hatza gal ez
zezan.

Handik marea batzuetara izebak, legatz batzuk
garbitzen ari zelarik, urrezko eraztun bat aurkitu
zuen arrainetako baten sabelean.

Eraztuna garbitu, eta grabatuta zituen letra eta
zenbakiei jarri zien arreta. Gezurra zirudien arren,
gurasoen ezkontza eguna ematen zuten aditzera
datak eta inizialek. Itxura guztien arabera, aitak
berak harrapatu zuen eraztuna jan zion legatz hura.
Itsasorik zabalenean.

Udako gau bareak barruko haizea dakar eta
oroitzapenak.
Kasualitateak orbita zabal-zabaleko planetak direla
otu zait zeruari begira. Behin edo behin ageri dira
bakarrik.

Eraztunarena kasualitate handiegia da. Baina ez du
axola. Inportanteena orain hauxe da: urte askoan
eraztunaren istorio hori sinesgarri egin zitzaiela
gure haur adimen txikiei.
Gauez, itsasoak legatz baten distira du.
Izarrek salto egiten dute ezkaten antzera.

Atharratz jauregian
bi zitroiñ doratü,
Ongriako erregek
batto dü galthatü.
Arrapostü ükhen dü
eztirela huntü,
hüntü direnian
batto ükhenen dü.
Atharratzeko hiria,
hiri ordoki.
Hur handi bat badizü
alde bateti.
Errege bidia
erdi-erditi,
Maria Maidalena
beste aldeti.

Aita, saldü naizu
idi bat bezala,
Ama bizi ükhen banü,
aita, zü bezala,
enündüzun ez juanen
Ongrian behera.
bena bai ezkuntüren
Atharratze Salala.
Ahizpa juan zite
portaliala
ingoiti horra düzü
Ongriako erregea.
Hari erran izozü
ni eri nizala
zazpi urthe huntan
ohian nizala.

Ahizpa, zuaza orai
salako leihora,
ipharra ala hegua
denez jakitera.
Ipharra balin bada
goraintzi Salari,
ene khorpitzaren xerkha
jin dadila sarri.
Atharratzeko zeñiak
berak arrapikatzen.
Hanko jente gazteriak
beltzez beztitzen.
Andere Santa Klara
hantik phartitzen.
Haren peko zamaria
ürhez da zelatzen.

Eta hego haizeak eramango nauen egunean
itzul ezazue ene gorpua sorterrira,
ehortzi itsasertzeko adiskideen hilobian,
gogo oneko jendez inguraturik:
arrantzaleekin,
drogazaleekin,
idazlearekin.

Ez eman hautatzeko
Ez eman hautatzeko
Itsasoa eta Lehorraren artean.
Gustura bizi naiz itsaslabarrean,
Haizeak mugitzen duen zinta beltz honetan,
Gizandi erratu bati eroritako ile luze honetan.

Itsasoarena maite dut batez erebihotza.
Haur handi batena bezain inozoa.
Orain temoso, orain ezinezko pai-saiak
marrazten.
Lehorrarena berriz
esku handi horiek ditut gogokoen.

Ezeman hautatzeko
Itsasoa eta Lehorraren artean.
Badakit hari fin bat dela nirebizilekua,
baina Itsasoarekin bakarrik galduko nintzateke,
Lehorrarekin ito.

Ezeman hautatzeko. Hemen geratuko naiz.
Olatu berde eta mendi urdinen artean.

Kantuak

Multimedia

Kukua (The Cuckoo)-Kirmen Uribe
Kukua (The Cuckoo)-Kirmen Uribe
Mikel Urdangarin notak paper solte batean LONDON
Mikel Urdangarin notak paper solte batean LONDON