Mikel Urdangarinek “Ura bere bidean” egitasmoan parte hartuko du

Mikel Urdangarin - Ura bere bidean grabazioa

Mikel Urdangarinek “Ura bere bidean” egitasmoan parte hartuko du

Askotariko estilo eta belaunaldietako euskal artistak batuko dira Fernando Velázquez zuzendariak euskaraz sortutako gai berrien bertsio sinfonikoak interpretatzeko.

Bilbao Orkestra Sinfonikoak eta Bilboko Koral Elkarteak artista parte-hartzaileekin batera ibiliko dira “Ura bere bidean” ekimena osatuko duten hamalau musika-gaietan.

“Ura bere bidean” pandemia-garaian sortutako musika-proiektu berritzaile bat da, eta Fair Saturday Fundazioak eta Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatu dute Laboral Kutxaren laguntzarekin.

Aste honetan “Ura bere bidean” proiektua grabatzen ari dira Euskalduna Jauregian. Musika-proiektu berezi bat da, eta hamalau euskal taldek bertan parte hartuko dute euskarazko gai ospetsuen bertsio sinfoniko berriak jotzeko, Fernando Velázquez konpositore getxotarraren eskutik.

`Ura bere bidean ́ proiektuaren helburua zera da: geurean errotutako musika proiektua lau haizetara astintzea, kantu, doinu, melodia ezagunak beste modu batera aurkeztea eta hedatzea, euskarazko abesti nabarmenen ikuspegi sinfoniko berria sortzea, aldi berean belaunaldi eta musika estilo ezberdinak elkartuz. Publiko orokorrari eskaintza ezaguna modu ezezagunean aurkeztea, ilusioa berpiztea, sentipenak helaraztea, kantuak burura ekartzen dietenea beste modu batera bizitzeko aukera ematea. Musikaz gozatzea, lehengoa eta oraingoa baina nabarmen desberdin bizitzera gonbitea luzatzea. ́

Fair Saturday fundazioko kide Jordi Albaredak esan duen bezala, “proiektu ederra da, eta bertan gure bizitza osoan hurbil eduki eta edukiko ditugun zenbait belaunalditako artistak ari dira; eskerrak eman behar dizkiegu arrazoi askorengatik, zorigaitzeko pandemia honetan itxaropena eta emozioak sortzeagatik eta gutako askorentzat duten balioagatik”.

Urte hasieratik Fernando Velázquez konpositoreak euskarazko hamalau gai birmoldatu ditu, eta artista ospetsu batzuk gai horiek BOS-Bilbao Orkestra Sinfonikoarekin eta Bilboko Koral Elkartearekin batera grabatzen ibili dira.

Hain zuzen ere, hauxe izango da artista parte-hartzaileekin antolatu den azken grabaketa-astea. Bestalde, Euskalduna Jauregiko auditoriumean gai guzti-guztien bideoklipak grabatu dituzte.

Mikel Urdangarinekin batera, artista eta euskal talde hauek parte hartu dute: Hertzainak, Doctor Deseo, Gatibu, Su Ta Gar, La Oreja de Van Gogh, Sua, Huntza, Olatz Salvador, Mabü, Idoia, En Tol Sarmiento, Zea Mays edo El Drogas. 70ko hamarkadaren ondorengo gaiak interpretatu dituzte, Laboa, Lete, Lertxundi, Martikorena, Imanol eta Berzaitz artistenak, esaterako… bai eta parte hartu duten talde batzuen gaiak ere. Mikel Urdangarinek aukeratutako kantua Kideari da.

Fair Saturday Fundazioak eta Bizkaiko Foru Aldundiak sustatu dute “Ura bere bidean” proiektua, Laboral Kutxaren laguntzarekin batera. Lankidetza publiko-pribatua ezinbestekoa izan da ideia egia bihurtu ahal izateko.

Laboral Kutxako Komunikazio zuzendari Marije Etxanizek honako hau adierazi du: “Kontuan eduki behar da zein garrantzitsua den gaur egun kulturaren arloko proiektuak sustatzea eta haietan parte hartzea; “Ura bere bidean” proiektuak argi erakusten du euskal kultura sendo dagoela. Seguruenik, ez zen aldirik hoberena, ez eta egokiena ere. Eta pentsatzekoa da hemendik aurrera ere arazoak izango direla. Baina euskal kulturak merezi duen lekua edukiko du beti”.

Ekainean aurkeztuko dira “Ura bere bidean” proiektua eta horren inguruko xehetasun eta gai guztiak. Era berean, lanean ari dira urte amaieran Gora Bihotzak kontzertuaren bigarren edizioa agertokietara igotzeko, zeina lehenengo aldiz Euskalduna Jauregian antolatu zen 2020ko abenduaren 12an.

Facebook
Twitter
Email