Zabaldu dute 15. MIN sarietako hautagaiak bozkatzeko epea. Martxoaren 22ra arte bozkatu ahalko du entzulegoak, eta ondoren jakinaraziko dute zeintzuk diren kategoria bakoitzeko 15 artista edo talde bozkatuenak. Ondoren, adituen epaimahaiak alor bakoitzeko bost finalista hautatuko ditu, eta sari banaketa maiatzaren 17an egingo da, Palma de Mallorcan.
Euskarazko Disko Onenaren Etxepare Sarira aurkeztu dugu Badena eta ez dena lana. Gurekin batera, beste 30 bat disko aurkeztu dira. Etxepare Euskal Institutuak 2013tik eskaintzen du euskarazko diskorik onenaren saria, euskaraz egindako musika eta euskal musikari independenteei ikusgarritasuna eta zabalkundea emateko xedez.
Zelan bozkatu
Bozketa prozesuan, entzule bakoitzak kategoria bakoitzeko bost artista bozkatu ahal izango ditu, eta soilik bozka bat eman ahalko du bakoitzean. Publikoak kategoria guztietan du zeresana, hirutan izan ezik: ‘Disko Onena’ epaimahaiak hautatuko duen zuzenean; ‘Diseinu Onena’ diziplinakoan ere adituek egingo dute hautaketa; eta ‘Mario Pacheco Ohorezko saria’ UFI-ko kideek emango dute.
Bozkatzeko: hemen sakatu
Izena eman beharko duzu plataforman.
MIN Sariak 2009 urtean sortu ziren estatu mailako sorkuntza artistikoari, kultur aniztasunari, talentuari eta musika alorreko enpresa txiki eta ertainek ekoiztutako lanei ikusgarritasuna emateko, eta musika independentea estatu mailan zein nazioartean sustatzeko.