2003ko udaberrian, Kirmen Uribek eta Mikel Urdangarinek musika eta poesia ikuskizuna aurkeztu zuten New Yorken. Uribek sortutako poemak, Urdangarinen musikarekin, gizabanako garaikidearen kezkak erakusten zituztenak.
Zaharregia, txikiegia agian izenburua jarri zioten, euskarari buruz hitz egiten duen eta proiektu horren funtsa islatzen zuen poema bati erreferentzia eginez.
Rafa Rueda eta Bingen Mendizabal musikariek lagunduta, esparru ezberdinetako sortzaileen (poesia, abestia, zinema eta rock alternatiboa) laukotea osatu zuten. Hiru estatutan egindako bira laburra arrakastatsua izan zen eta prentsa amerikarrak horren berri eman zuen.
Ondoren Euskal Herrian hainbat kontzertu eman zituzten eta disko liburua argitaratu zuten. Diziplina anitzeko lan honek taldekide bakoitzaren lan zehatz bat batu zuen, eta Mikel Valverde eta bere ilustrazioak gehitu zitzaizkien.
Zaharregia, txikiegia agian lanak, asmo handirik gabe, euskaldunek munduari buruz zuten begirada zehatza, sentitzeko modu bat eta bizitzeko modu propio bat erakusten zituen. Poema haiek gaur egun herri baten eta bertako jendearen soinu-bandaren parte dira.
Bob Holman New Yorkeko Bowery Poetry Clubeko kideak eta Margery Snyder idazle iparramerikarrak urteko sei poema disko onenen artean kokatu zuten Zaharregia, txikiegia agian.
20 urte igaro dira, eta Zaharregia, txikiegia agian lanak sentsazio berberak eragiten jarraitzen du. Badirudi denbora ez dela igaro poema hauentzat, eta idatzi zirenean bezain indarrean jarraitzen dute. Gaur egun ere entzuten diren mezuak zabaltzen dituzte, eta egunerokotasuna gogorarazten diguten gaiak jorratzen dituzte.
2023an berritasun batzuekin berreskuratuko dugu ikuskizuna, Munduari begiratzeko izenburu pean eta, nahiz eta urteak igaro diren guztientzat eta esperientziak pilatu diren, sentitzeko eta munduari begiratzeko modu hori erakutsiko dugu beste behin ere.
Munduari begiratzeko
Mikel Urdangarin eta Rafa Ruedaren abestiak eta Kirmen Uriberen musika oinarri duten olerkien errezitaldia uztartzen dituen ikuskizuna, Mikel Valverdek sortutako animazioen proiekzioarekin osatzen dena. Milaka urteko euskal tradizioaren zentzumen-bidaia edo irakurketa garaikide eta urbanoa. Munduari begiratzeko emanaldia Madrilen izango da eta ondoren New York, Bilbo eta beste hiri batzuetara joango da.
Poesia: Kirmen Uribe
Musika: Mikel Urdangarin, Bingen Mendizabal, Rafa Rueda.
Munduari begiratzeko kontzertuak
2023/10/27. Madrid. Festival Eñe. Círculo de Bellas Artes
2023/12/27. Vitoria-Gasteiz. Festival Antzina Folk. Principal Antzokia
2024/03/13. Bilbao. Loraldia festibala. Arriaga Antzokia