Euskaltzaleen Topaguneak Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta Xamanak taldekidearekin batera “Ostera Bizi Bizian” kontzertua aurkeztu dute. Udazkenean Olatz Salvador, Mikel Urdangarin eta Xamanak taldeak online eskainitako hiru kontzertuak aurrez aurre eta kontzertu bakar batean ikusteko aukera izango dute herritarrak ekainaren 17an Bilboko Kafe Antzokian.
Jasone Mendizabalek, Euskaltzaleen Topaguneko Zuzendariak, ekainaren 17ko kontzertua berezia izango dela azpimarratu du. Eta ez soilik 3 artista handi hauek kontzertu bakarrean ikusi eta entzuteko aukera izango dugulako, baita Udagoieneko Ostera kontzertu zikloaren ohiko formatuaren itzulera delako. Datorren azaroan egingo da 2022ko Udagoieneko Osteraren edizioa, eta aurten berriz ere, zuzen-zuzenean eta publikoaren aurrean egin ahal izango dira kontzertuak.
Ekainaren 17an Antzokian egingo den kontzertua azaroko Udagoieneko Ostera emanaldi zikloaren aurrerapen gisara aurkeztu du Jasonek, eta zera adierazi du: “antolatzaileek zor genien zuzeneko emanaldi bat iazko edizioko 3 artistei eta, batez ere, herritarrei. Ezen gauza bat da zure musikari gustukoenak pantaila bidez ikustea eta beste bat aurrez aurre ikusi eta entzun ahal izatea. Ostera oholtzara datoz Olatz Salvador, Mikel Urdangarin eta Xamanak baina publikoaren aurrera oraingoan, bizi-bizian”.
Xabier Arauzok, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendari nagusiak, azken boladan bizi izan ditugun garai latzak gogoratu ditu. Pandemiak gogor astindu ditu herritarrak eta hankaz gora jarri du gizartea. Foru Diputatuaren iritziz, kulturaren sektoreak bereziki pairatu ditu egoera sanitarioaren ondorioak. Zorionez, baina, jada latzena jada pasatu dela adierazi du, eta kultura hasi dela galdutako espazioa irabazten poliki-poliki. “Foru Aldunditik bultzada eman nahi diogu kulturaren indarberritze honi, kultur jarduera herri izaeraren ezinbesteko osagaia dela iruditzen baitzaigu. Industria kulturala babestea lehentasuna da Foru Aldundiarentzat, izen be, jakin badakigu herritarrek kulturaren beharra duten hein berean behar duela kulturaren sektoreak erakundeen sostengua. “Ostera, bizi bizian” kontzertua aurrez aurre dugun garai berri honi ongi etorria emateko modu bat da, beraz”.
Xamanak taldeko abeslariak, Endika Lahainek bere aldetik, erakunde publikoek garai zailenetan eman dieten babesa eskertu du, eta beraien habitat naturala eskenatokia izaki, pozik azaldu dira Udagoieneko Osteran iaz on-line emandako kontzertuak zuzen-zuzenean errepikatzeko eman zaien aukerarengatik. Bere esanetan: “kontzertu bakar eta errepikaezin honek gureak bezalako 3 proposamen musikal ezberdinetaz gozatzeko aukera emango dio entzuleari”.
Kontzertua ekainaren 17an izango da Bilboko Kafe Antzokian gaueko 22:00etan.
Sarrerak salgai daude jada https://sarrerak.kafeantzokia.eus webgunean 12 eurotan eta 15 eurotan lehiatilan.