Deskribapena
Aurki beteko dira 25 urte haitzetan argitaratu nuenetik. Oharkabean joan den ia mende laurdena. Oinez hasi orduko etengabeko bidegurutzetara ekarri nauen pausua. Gaur urteurren bereziaren ateetan jarri nauen pausua. Asko idatz nezake denbora guzti honetan bizitakoaz, gehiegi ziurrenik. Beraz, ideia bakarrari helduko diot pentsamendu hau azal dezadan. Inoiz hala sentitu bada ere sekula bakarrik egon ez den bakarlaria naiz.
Denetarik bizi izan dut, ospakizun handiak, suziriak, uholdeak, desertua, baso berdea…kontraste handiko iruditegia. Eta, inoiz ere, bakarrik sentitu naiz oso musikaren bidaia intentso honetan. Baina azken hau sentipena baino ez da, ez du zertan egia izan. Izan ere, banitateak engainura garamatza sarri, tentagarri egiteraino, ez garen hori sinisteraino, ez den hura bizitzeraino. Eta ez da egia. Egoera zailenetan ere, gutxienez nire buruarekin egon izan naiz beti. Eta norbere baitan norbera baino jende eta mundu gehiago bizi dira. Ez gaude bakarrik. Nire ahotsa, nire kemena eta indarra ez dira neureak bakarrik, ezta neure beldurrak ere. Nigan bizi diren arbaso eta lagunenak ere badira. Ezagutzen ez ditudan baina nolabait ere ondoan bizi diren mundu eta jende batenak ere badira.
Horiek guztiak dira oraindik nigan bizirik dirauen su ñimiñoa.