Deskribapena
Gertuko pertsona bat desagertzen denean egia handi bat gertatzen da beste ezerren gainetik: pertsona hori ez duzu berriz ukituko, ez bada ametsetan. Fisikoki desagertzeak hori dakar, ezinbestez. Hauxe da onartzen zailena baina horrela da, maite zenuena gauza ukiezinen munduan biziko da aurrerantzean.
Ama hil zitzaidanetik mundu horretan hartu dut ostatu. Han bizi naiz honetan bainoago. Lurtarra denak interesa galdu izan balu bezala. Beste inundik idazterik ez neukan. Musika baino bidaide hoberik ezin aurkitu zeregin honetan. Bera ere ukiezina, lainotsua eta mugikorra da. Uneoro da ezberdin. Eta indar amaigabea du bere baitan. Bihotzak eta arimak konpartitzen dute. Egunez amak bizi nau era tematian; oroitzapen, pentsamendu eta ebokazio jario etengabean. Gauez, desiratzen nago loak har nazan berak bisitatuko nauen esperantzaz, berak ere nire buruan ostatu har dezan… Mundu ukiezinean dena da laino, dena mugikor eta erortzean ez duzu minik hartzen. Uneoro da ezberdin. Eta ezin ukitu, ezin atzeman dezakegulako indar amaigabea bizi da bertan. Eta, garrantzitsua dena, dena da benetako.
Mundu horretatik idatzi ditut disko honetako letrak eta doinuak. Beste inundik idazterik ez neukan. Musika baino bidaide hoberik ezin aurkitu zeregin honetan. Bera ere ukiezina, lainotsua eta mugikorra da. Uneoro da ezberdin. Eta indar amaigabea du bere baitan.