Deskribapena
“Mundura sufritzeko ez ginen jaio”, idatzi nuen 1997an, Edari Goxoa kantuan. Hala uste nuen orduan, eta orain ere hala uste dut. Mende honen lehen laurdena osatzearen atarian, deshumanizaziorantz doan eta Europan, Ekialde Hurbilean eta ezin konta ahala bazter ahaztutan gerrek odolusten duten mundu honetan, nire lan berriaren izenburua Mundua eder izatea erabaki dut. Izan ere, egoera latzenetan hartzen du zentzurik handiena edertasunak. Hor bilakatzen da boteretsu eta ezinbesteko.
Urteekin sobera dastatu dut behazuna. Eztitik ere edan dut dezente eta zorionez ikasi dut laztanen hizkuntza. Baina badakit galtzea zer den, eta galera horretan edertasuna ere bizi dela ikasi dut.
Zaila da edertasuna lortzea saiakeran zaurituta atera zaitezkeela onartu gabe. Arrosak bere arantzekin bezala, edertasunak kontrapuntu deseroso eta zorrotza du, eta hori gabe zentzua galduko luke.
Edertasunak berez ez duelako zentzurik. Guk ematen diogu esanahia. Batez ere, inguratzen gaituenarekiko jarrera da: begiratzeko modu bat, sentitzeko modu bat, bizitzeko modu bat.
Nik mundua eder ikusten eta sentitzen dut, eta konposatzen ditudan abestiak horren isla izatea nahiko nuke. Jaio nintzenetik, baikortasun setati batek laguntzen nau, gaur arte iluntasunaren eraso guztiei eutsi dien baikortasun berberak. Nork daki zer ekarriko duen biharkoak, baina gaurko lehiari ez diot uko egingo.
Lan honek edertasun forma ezberdinak erakutsi nahi ditu, txanponaren beste aldea ezkutatzen ez dutena. Hamar abesti, hamar begirada, hamar hunkidura. Bizitza, den bezalakoa. Edo, hobeto esanda, nik sentitzen dudan eran.