Su ñimiño bat abestiaren aurkezpena

Su ñimiño bat Mikel Urdangarinek 2021eko udazkenean sortutako abestia da.

25 urte betetzen dira Urdangarinek Haitzetan lana argitaratu zuenetik. 2021eko azaroaren 26an Haitzetanen birrargitaralpena egingo du, 25. urteurrenaren atarian, eta Su ñimiño bat abestia diskoan agertuko da.

Mende laurden honetan, abeslari zornotzarraren ibilbidea geldiezina izan da eta egoera zein sentsazio anitz bizi izan ditu. Hain zuzen ere, bizipen horiek bultzatu dute “Su ñimiño bat” idaztera. Abeslariak efemeride hori ospatu nahi izan du abesti berriarekin, eta, nolabait, hainbeste aldiz izan duen bakardade sentsazio “irreala” du hizpide.

Horrela definitu du Mikelek Su ñimiño bat:

Aurki beteko dira 25 urte haitzetan argitaratu nuenetik. Oharkabean joan den ia mende laurdena. Oinez hasi orduko etengabeko bidegurutzetara ekarri nauen pausua. Gaur urteurren bereziaren ateetan jarri nauen pausua. Asko idatz nezake denbora guzti honetan bizitakoaz, gehiegi ziurrenik. Beraz, ideia bakarrari helduko diot pentsamendu hau azal dezadan. Inoiz hala sentitu bada ere sekula bakarrik egon ez den bakarlaria naiz..

Denetarik bizi izan dut, ospakizun handiak, suziriak, uholdeak, desertua, baso berdea…kontraste handiko iruditegia. Eta, inoiz ere, bakarrik sentitu naiz oso musikaren bidaia intentso honetan. Baina azken hau sentipena baino ez da, ez du zertan egia izan. Izan ere, banitateak engainura garamatza sarri, tentagarri egiteraino, ez garen hori sinisteraino, ez den hura bizitzeraino. Eta ez da egia. Egoera zailenetan ere, gutxienez nire  buruarekin egon izan naiz beti. Eta norbere baitan norbera baino jende eta mundu gehiago bizi dira. Ez gaude bakarrik. Nire ahotsa, nire kemena eta indarra ez dira neureak bakarrik, ezta neure beldurrak ere. Nigan bizi diren arbaso eta lagunenak ere badira. Ezagutzen ez ditudan baina nolabait ere ondoan bizi diren mundu eta jende batenak ere badira.

Horiek guztiak dira oraindik nigan bizirik dirauen su ñimiñoa.

Mikel Urdangarin.

Berez, Su nimiño bat kantan Mikelek bere taldea du lagun: Koldo Uriarte, Rafa Rueda, Nika Bitchiasvili, Jon Cañaveras, Ander Hurtado de Saratxo eta Alison Keable. Gainera, gonbidatu berezi bat ere du oraingoan akordeoian: Josu Zabala, Hertzainak taldeko kide ohia. 

Zirriborro ekoiztetxeak eta Oier Aranzabalek (*Zart)  egindako bideoklipa, urrian grabatu zuten Bilboko Kafe Antzokian. 

Abestiaren  grabaketa eta nahasketak, aldiz, Koba Estudioko Xanpek egin ditu.

Singlea entzungai egongo da plataforma digitaletan. 

Haitzetan diskoaren 25. urteurrena

Bere lehen diskoa izan zenaren urteurrenaren atarian, azaroaren 26an kaleratuko du Mikelek horren berredizioa: “Haitzetan. 1997-2022”.

Disko berria, berrargitaratua eta bermasterizatua,*Zart artisten kolektiboaren zigilupean argitaratuko da. Beste hainbat artisten artean, kolektiboaren kide dira Mikel Urdangarin bera eta Alain Urrutia margolari bizkaitarra, lan berriaren diseinuaren arduraduna, hain zuzen ere. 

*Zart-eko kide dira ere Harkaitz Cano, Oier Aranzabal, Elizabeth Macklin, Maite Larburu, Iker Lauroba eta Naiara Egimendia

SU ÑIMIÑO BAT – Abestiaren letra

Etxetik partitzear baletor zalantza

mamu zaharrak zirika, hotzikara latza

betor kemena, betor arbasoen kemena

oinez hasi orduko baletor dardara

pausu bati hurrena balitzaio falta

hautsi dezala, hautsi buruak tranpa

hautsi dezala hautsi buruak tranpa

badatoz gerrariak, badatoz

zaldi erraldoien gainean, milaka datoz

herio danborrek hots

beldurrik ez eta zain

egon

deskuidoz noraezak hartzen bazaitu

ipar haizerik ez eta belak huts

bihur dadila izua olatu

etsia lema, nekea erramu

gaba beltzean itsu gelditzen bazara

ez zeru eta ez lur gelditzen bazara

argitxo bat piztuko dizut lehio ondoan

su nimiño bat bihotz ondoan

badatoz otsoak, badatoz

ezpatak airean zuzen zugana datoz

herio danborrek hots

ez ikaratu ta zain egon

egon

Hortxe aurkituko nauzu bidean

bidezidorrean, ibar luzean

baso berdean, porlanezko oihanean

su nimiño bat bihotz ondoan

Grabazioaren eguneko argazkiak

Gaizka Peñafielek egin zituen argazkiak grabazioaren egunean, urriaren 17an, Kafe Antzokian.

Facebook
Twitter
Email

HARPIDETU ZAITEZ

Azken berriak jakin nahi?