Mikel Urdangarinek Madrilen hasiko du “25 Tour” bira berria

mikel urdangarin

Euskal artistak aro berri bati ekingo dio bere ibilbide musikalaren 25. urteurrenean eta Estatuko hainbat tokitan eta atzerrian kontzertuak eskainiko ditu.
Lehenengo hitzordua Madrilgo Caracol Aretoan izango da otsailaren 5ean, 21: 30ean.

Madrilgo Caracol Aretoa izango da Mikel Urdangarinek urte berri honetan zehar egingo duen “25 Tour” izena duen biraren lehen geldialdia.

Bere ibilbide musikalaren 25. urteurrenarekin bat eginez, euskal abeslariak etapa berri bati emango dio hasiera. Kantautore profiletik gehiago urrundu eta bere alderik indiena erakutsiko du, bere zuzeneko soinuaren parte den rock progresiboari ere keinu eginez. Beraz, dinamikaren miaketan oinarritutako alderdi berri bat azalduko du.

Ohi bezala, hainbat formatu eta formaziotan egingo du: bere bandak lagunduta eta bakarka, pianoa edo/eta gitarrarekin. Mikelen helburua bide berri bati ekitea da, edo, hobeto esanda, bere ibilbidean zehar hamaika herrialdetako eszenatokietara eraman duen dinamika berreskuratzea; hau da, etapa berri bat, non “etxeko” kontzertuak kanpokoekin bat egingo duten, bere musika eta euskal kultura gure mugetatik haratago eramateko asmoz.

“25 Tour” birak, gainera, errepertorio berezia izango du. Bere ibilbidea eta abesti aipagarrienak errepasatuko ditu, horietako asko, belaunaldiz belaunaldi bizirik iraun duten euskal musikaren benetako altxorrak.

Hiru kontzertu Madrilen

Caracol Aretoak bat egingo du, lehen aldiz, Mikelek mende laurden honetan Madrilgo hainbat espaziotan egin dituen emanaldiekin; horien artean, Galileo Galilei aretoa, Caixa Forum eta Libertad 8.

Oraingoan, Rafa Rueda, Jon Cañaveras eta Ander Hurtado de Saratxo musikari eta taldekideekin batera arituko da Urdangarin. Laukoteko formazio horri esker, entzuleek zuzeneko soinuaren aldakortasun eta anplitudeaz gozatu ahal izango dute.

Hitzordua otsailaren 5ean izango da, 21:30ean, eta sarrerak Salacaracol.com webgunean daude eskuragarri.

Dena den, Caracol aretokoa ez da izango euskal artistak Madrilera egingo duen bisita bakarra. Beste bi kontzertu ere eskainiko ditu: maiatzaren 21ean Cafe Berlinen (pianoa eta gitarrarekin bakarka) eta azaroaren 26an El Sol aretoan (laukotean).

Aldi berean, “25 Tour” birak, beste leku askoren artean, New Yorkera eramango du Mikel udaberrian eta urte amaieran, baita Salamanka, Logroño eta Bartzelonako La Deskomunal aretora urriaren 15ean, besteak beste. Gainera, beste hainbat emanaldiren artean, kontzertu oso bereziak eskainiko ditu 2022an eta 2023an, Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin batera, azken honen 100. urteurrenean.

Bira berriko kontzertuen agenda etengabe eguneratuko da mikelurdangarin.eus webgunean.

Facebook
Twitter
Email

HARPIDETU ZAITEZ

Azken berriak jakin nahi?