Izurdeen lekua biraren agurra

Mikel Urdangarin - Izurdeen lekua bira

Urte bat luze bidean ibili ondoren, ostiral honetan bukaera emango dio Mikel Urdangarinek Izurdeen lekua birari, Donostiako Victoria Eugenia Antzokian.

Izurdeen lekua diskoak 2020ko azaroan aurkeztu zuen Urdangarinek. Eta Bilbon hasi zuen bira hau, Euskalduna Jauregian bi egunetan eskaini zuen hiru kontzertuekin, 2020ko abenduan.

Pandemiako testuinguruak baldintzatu du bira, murrizketa eta neurri bereziekin aurrera eraman baita. Urte luze honetan Euskal Herrian zehar aurkeztu da Izurdeen lekua, hiriburu handietako areto garrantzitsuenetara helduz eta baita herri txikietara ere. Urdangarinen asmoa beti izan da kontzertuak ahalik eta leku gehienetan aurkeztea eta lan honez gozatzeko aukera zabaltzea.
Horrela, Urretxu, Zalla, Deba, Etxarri Aranaz, Andoain, Iruña edota Azkoitiara heldu da, besteak beste.

Bira honetan Urdangarinek ohiko banda izan du ondoan: Koldo Uriarte, Rafa Rueda, Nika Bitchiasvili, Jon Cañaveras, Ander Hurtado de Saratxo eta Alison Keable.

Soinu berrietan esploratu du Urdangarinek eta Izurdeen lekuak bilakaera nabarmena suposatu du. Publikoak eta kritikak horrela aitortu diote.

Biraren bukaerak ziklo bati itxiera ematen dio, baina urtemuga berezia eta egitasmo berriak ekartzen ditu. Mikel Urdangarinek 25 urteurrena ospatuko du musikagintzan eta proiektu ezberdinak ditu esku artean.

Alde batetik, lan diskografiko ezberdinak. Lehenengoa, Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin egingo duen diskoa, orkestraren 100. urteurrenean.
Eta bira berria hasiko du baita ere. Euskal Herrian eskainiko dituen kontzertuez gain, 2022an zehar estatuko hainbat lekutan eta atzerrian kontzertuak eskainiko ditu, formato ezberdinetan.

Facebook
Twitter
Email