- Badena eta ez dena da 100/25 BOS – Mikel Urdangarin proiektuan sortuko den kontzertuen eta diskoaren izena. Mikel Urdangarinek 25. urteurrena ospatuko du musikan. Era berean, Bilbao Orkestra Sinfonikoaren mendeurrenaren ospakizunen barruan kokatzen da.
- Proiektua larunbatean Abandoibarran eskainiko duten zuzeneko kontzertuarekin hasiko da, Aste Nagusiko programazioaren barruan.
- Badena eta ez dena proiektuaren baitan Urdangarinen abesti esanguratsuenetako batzuk egokitu dira orkestrarako. Bilbao Orkestra Sinfonikoak interpretatuta, disko bat grabatuko da eta hainbat kontzertu eskainiko dira.
Mikel Urdangarinek eta Bilbao Orkestra Sinfonikoak abuztuaren 20an aurkeztuko dute jendearen aurrean Badena eta ez dena, Abandoibarran, Aste Nagusiko programazioaren barruan eta jaiei hasiera emanez.
Badena eta ez dena da Mikel Urdangarinek larunbateko kontzertuari eta diskoari eman dion izena, eta Badira hiru aste kantua aipatzen du, Urdangarinen errepertorio luzearen artean gustukoenetako bat.
Abandoibarrako kontzertuan, Aste Nagusiko lehenengoetakoa, Urdangarinek Bilbao Orkestra Sinfonikoko musikarien babesa izango du, eta, Iker Sánchez Silvaren gidaritzapean, Urdangarinek 25 urte hauetan sortu duen kantutegiko abesti esanguratsuenetako batzuk interpretatuko dituzte. Ez da kantu klasikorik faltako, belaunaldi askotako soinu-bandaren parte bihurtuak, ezta zornoztarraren azken lanaren bat ere.
Bingen Mendizabal Urdangarinen abestien orkestrazioaren eta orkestrarako egokitzapenaren arduraduna izan da. Denek gorputz berri bat hartu dute eta erritmo oroigarri berriak deskubritzen dituzte. Erronka sortzailea izan da berarentzat, eta Urdangarinen kantuak musikako lurralde berrietara eraman nahi izan ditu.
Proiektuan Koldo Uriartek ere parte hartzen du ekoizpenean eta abestietako baten egokitzapenaren arduradun gisa. Eta, esan bezala, Iker Sánchez Silvak zuzenduko du Bilbao Orkestra Sinfonikoa kontzertu guztietan.
Badena eta ez dena euskal musikaren bi erreferente horien lankidetza da, data enblematiko batean.
Eta lehen kontzertu honek ilusio berezia pizten du, non eta Bilbon, Aste Nagusian, pandemiak eragindako etenaldiaren ondorengo lehen edizioan. Biak ala biak, euskal kulturak mundu osoan dituen enbaxadoreak, pozik daude kontzertu sorta hau Bilbon hasteaz.
Abuztuaren amaieran diskoa grabatuko da Bilbon. Badena eta ez dena hamabost abestik osatuko dute guztira: horietatik hamahiru Bingen Mendizabalek orkestrarako moldatutakoak izango dira; beste biek, Koldo Uriartek eta Fernando Velazquezek orkestratu dituzte. Hamalau abesti ezagunak izango dira, Urdangarinek 25 urte hauetan ondutako errepertoriokoak. Eta lan honetarako berri bat sortu du.
Mikel Urdangarinek bere disketxea kaleratuko du eta lan hau izango da lehenengoa, bere ibilbideko 19. diskoa, hain zuzen ere, eta udazkenaren amaieran kaleratuko du.